2008an hasi zen goranzko joerari eutsiz, 2014. urtean listeriosi eta campylobacteriosi kasu gehiago izan dira Europako biztanleen artean. Urte horretan, gainera, salmonellosi kasuek ere gora egin zuten gizakietan, 2008tik lehenengo aldiz.

Hona hemen EFSAk eta ECDCk argitaratu duten urteroko txostenik berrienean ageri diren ondorioak, elikagaien bitartez transmititutako zoonosiei eta agerraldiei buruzkoak (Europar Batasunean). Txostenean hau ere esaten da:

  • 2014an, jatorria elikagaietan zuten 5.251 agerraldi erregistratu ziren guztira. 2013an, berriz, 5.196 agerraldi izan ziren.
  • Elikagai-jatorriko agerraldi gehienak birusek eragin zituzten, baita Salmonellak, toxina bakterianoak eta Campylobakterrak ere, hurrenkera horretan. Bestalde, ez da eragilea ezagutzen agerraldi guztien % 29,1etan.
  • Elikagai hauek izan zuten zerikusia agerraldiekin, oro har: arrautzak eta arrautzetatik eratorritako produktuak, krustazeoak, itsaskiak, moluskuak eta eratorritako produktuak.

Campylobakteriosia

  1. Campylobakteriosia da zoonosi ohikoena.
  2. 2014an, EBn 236.851 kasu baieztatu dira; hau da, 2013an baino 22.067 kasu gehiago (% 10) egon dira (gorakada horren arrazoia izan daiteke azken urteotan zaintza-sistemak hobetu direla edo hainbat estatu kidetan campylobacteriosia detektatzeko diagnostikoak hobetu direla).
  3. Elikagaietan, Campylobacterra batez ere oilasko-haragian aurki daiteke.

Salmonellosia

  1. 2014an, zertxobait egin dute gora salmonellosi kasuek. Lehen aldia da hori gertatzen dela 2008-2014 artean, besteak beste aldatu egin delako txostenetan parte hartzen duten estatu kideen kopurua.
  2. Hala ere, 2008 eta 2014 bitarteko zazpi urteetan, estatistikoki beheranzko joera egon da salmonellosiari dagokionez. Estatu kide gehienek bete egiten dituzte eskortako hegaztietan Salmonella murrizteko helburuak.
  3. EB barruan jakinarazi ziren Salmonella agerraldiek % 44 egin dute behera 2008tik hona.

Listeriosia

  1. 2008tik hona, listeriosi kasuek gora egin dute gizakietan. Jateko prest dauden elikagaietan, Listeriak oso gutxitan gainditu zuen EBk ezarritako muga.
  2. 2014an, kasuek % 16 egin dute gora 2013. urtearen aldean; izan ere, guztira 2.161 kasu egiaztatu dira.
  3. Kopuru hori nahiko txikia den arren, listeriosi kasuek gora egin izana kezkagarria da; izan ere, infekzio horien zaintza gaixotasunaren aldaerarik larrienetan zentratzen da, elikagaien bidez transmititzen diren beste gaixotasun batzuek baino heriotza-tasa handiagoa baitu, batez ere adineko pertsonen eta sistema immunologiko ahula duten pertsonen artean.
  4. Dena den, Listeria monocytogenes bakterioak, gizakiengan eta animaliengan listeriosia eragiten duenak, oso gutxitan gainditzen ditu legeak baimendutako mugak jateko prest dauden elikagaietan; horixe da, hain zuzen ere, gizakiak infektatzeko elikagaien bidezko modurik ohikoena.

EFSA eta ECDCren txostenak 14 zoonosi eta elikagaietatik sortutako agerraldiak hartzen ditu barne. Europako 32 herrialdetan (28 estatu kidetan eta kideak ez diren 4 estatutan) bildutako datuak ditu oinarri. Gainera, Europako Batzordeari eta EBko kide diren estatuei laguntzen die gaixotasun zoonotikoak zaintzen, kontrolatzen eta prebenitzen.

Bestalde, txostenak elikadura-kateko beste agente batzuk ere biltzen ditu, hauek besteak beste: Mycobacterium bovis (tuberkulosia), Brucella, Trichinella, Echinococcus, Toxoplasma, amorrua, Coxiella burnetti (Q sukarra), Nilo mendebaldeko birusa eta tularemia.

Ikusi "Europar Batasunaren txosten laburtua, zoonosiaren, agente zoonotikoen eta elikadura-jatorria duten agerraldien 2014ko joerak eta iturriak" – EFSA/ECDC, 2015
Ikusi txosten osoa: "Zoonosiaren, agente zoonotikoen eta elikadura-jatorria duten agerraldien 2014ko joerak eta iturriak" – EFSA/ECDC, 2015