COMRISK proiektuaren bidez arriskuen ebaluazioaren eta kudeaketaren arteko komunikazioa aztertu da, arriskuen analisiaren esparruan. Horren xedea izan da horien arteko komunikazioan gaur egun dauden jardunbideak eta erronkak identifikatzea, eta komunikazioaren kalitatea hobetzea.

Helburu hori lortzeko, ekintza espezifikoak egin dira proiektuan, hala nola hauek:

  • Elikagaien segurtasuneko gertakarien kasu historikoak berrikustea
  • Arriskuen ebaluazio-eskaerak aztertzea
  • Komunikazio-gidak identifikatzea
  • Arriskuen ebaluatzaile eta kudeatzaileei elkarrizketak egitea
  • Komunikazioa errazteko tresnak identifikatzea

Ondorioak

Ondorioztatu da komunikazio falta dela arriskuen ebaluazioek kudeaketa ez errazteko arrazoi nagusietako bat. Hortaz, beharrezkoa da arriskuen ebaluatzaile eta kudeatzaileen artean elkarrizketa irekia abiaraztea, arriskuen ebaluazioen erabilgarritasuna areagotzeko.

Horretarako, prozesu sistematiko formal bat ezarri behar da, arriskuen analisian zehar komunikazioa errazteko. Izan ere, tresna gako bat izango litzateke hori gardentasuna eta errespetua areagotzeko eta arriskuen ebaluazioaren eta kudeaketaren artean konfiantza indartzeko. Prozesua ondo definitu eta adostu beharko da, batez ere arriskuen ebaluazio-eskaerari eta erabaki-puntu gakoei dagokienez, eta komunikazioko gutxieneko maila bat ezarri beharko da arriskuen ebaluazioaren eta kudeaketaren artean.

Gomendioak

Proiektuan arriskuen ebaluazioaren eta kudeaketaren artean komunikazioa indartu dezaketen hainbat jarduera identifikatu dira:

  • Arriskuen ebaluatzaile eta kudeatzaileen artean komunikazio ona ezartzeko garrantziari buruzko kontzientzia sortzeko gaikuntza, baita horietako bakoitzak arriskuen analisian betetzen duen rola hobeto ulertzeko ere.
  • Atzeraelikadura: garrantzitsua da arriskuen ebaluatzaileak iruzkinak jasotzea arriskuen ebaluazioek arriskuen kudeaketaren beharrak zer neurritan ase dituzten jakiteko.
  • Gidak sortzea: ikerketa gehiago egin behar dira komunikazio egokia eragozten duten oztopoak identifikatzeko, baita alderdi horiek jasoko dituzten orientaziorako dokumentuak ere.