EFSAk txosten bat argitaratu du, eta bertan aztertu egin ditu Deoxinivalenola (DON) mikotoxinaren eta eratorrien (3-Acetil DON eta 15-Acetil DON) mailak elikagai eta pentsuetan. Horretarako, 18.884 lagin hartu ziren 21 estatu kidetan eta Norvegian 2007 eta 2012 urteen artean, eta lagin horien 26.613 emaitza analitiko izan dira txosten horren oinarria. Argitaratu den txostenak honako ondorio hauek ematen ditu:

  • DON mikotoxina antzeman da laboreen lagin erdietan (% 44,6 alean eta % 43,5 labore-produktuetan). Hala ere, laboreen laginen % 0,8k baino ez zuten gainditu erreferentziazko gehienezko muga.
  • DONen eratorriak askoz gehiagotan antzeman dira DON baino, baita maila baxuagoetan ere. Ia kasu guztietan, identifikatu izan direnean, DON ere ageri zen.
  • DON mailarik altuenak honako hauetan antzeman dira: arto-, gari- eta olo-aleetan eta horiek produktu eratorrietan. Gari-zahian maila altuagoa izan zen ehotze-produktuetan eta, ondorioz, prozesatutako produktuetan (ogia, gozogintza-produktuak, laboreak,pasata eta abar) baino.
  • Esposizio kroniko hau zenbatetsi da: 0,22 eta 10,2 mg artean, gorputz-pisuaren kiloko eta eguneko. Haurtxoak eta ume txikiak dira mikotoxina talde honen aurrean esposizio handiena duten herritarrak.
  • Ia herritar talde guztietan dira ogia eta opilgintzako produktuak DONaren eta eratorrien ingesta handiena eragiten duten elikagaiak (esposizio osoaren % 30,9 eta % 72,3 artean).
  • Pentsuek DON maila altuagoa zuten (% 75,2) giza kontsumorako laboreek baino, eta erreferentziazko baloreak pentsuen laginen % 1,7k gainditu zituzten. Animalien esposizio kronikoa eta akutua DONaren aurrean honako hauek direla balioetsi da: 3,9 eta 43,3 mg artean gorputz-pisuaren kiloko eta eguneko, eta 11,6 eta 137,9 mg artean gorputz-pisuaren kiloko eta eguneko, hurrenez hurren. Kortako hegaztiena izan da mikotoxina horren aurreko esposizio handiena duten animalia-taldea, jarraian txerriak, laguntza-animaliak eta arrainak ditugu.

Azkenik, txostenean gomendatzen da estrategia bateratu bat abiaraztea Europan, DONaren jarraipena egiteko. Horrela, hobeto ebaluatu ahal izango dira kutsatzaileen mailak elikagaietan. Komenigarria litzateke, halaber, laginketa-estrategiak eta erabilitako analisi-metodoen errendimendua bateratzea.

Txosten osoa