E. coli berotoxigenikoaren agerraldiak (nagusiki Alemanian gertatu zen 2011n) eragindako elikadura-krisiaren kudeaketa aztertu ondoren, Europako Batzordeak balizko zenbat neurri jasotzen dituen dokumentua argitaratu du, antzeko agerraldiak ekiditeko edo agerraldien tamaina mugatzeko, baita oro har jatorria elikaduran duten agerraldiei aurre egitean prestakuntza hobea izateko ere. Dokumentuak, halaber, osasunaren eta elikagaien segurtasunaren agintarien arteko zein arriskuaren ebaluatzaile, kudeatzaile eta komunikatzaileen arteko elkarlana indartzeko beharrezkoak diren neurriak aipatzen ditu.

Honako hauek dira proposatutako neurriak:

  • EBren ahalmenak indartzea, mugak igaro ditzaketen osasun-mehatxuen aurrean herritarrak babesturik daudela bermatzeko.
  • Kontzientziaraztea beharrezkoa dela animalia-jatorria ez duten elikagaien higienea hobetzea (lehenengo ekoizpena eta inportazioa barne) eta dauden higiene-xedapenak hobeto ezartzea.
  • Prestakuntza hobetzea. Horretarako, ariketa praktiko erregularrak egingo dira, eta agerraldian funtsezko eginkizunak dituzten guztiek hartuko dute parte horietan.
  • Agerraldiaren kudeaketan parte hartzen duten guztien ardurak eta partaidetza errespetatzea.
  • Komunikazioan koordinazioa eta argitasuna hobetzea.
  • Merkatuan esku-hartzeko lanabesak hobetu eta produktua sustatzea, krisiaren hasieran erantzun-denbora murrizteko eta, aldi berean, EBko sektorean duen eragin ekonomiko kaltegarria mugatzeko.
  • Ekoizleak eta kontsumitzaileak lotzen dituzten ekimen publiko eta pribatuak indartzea, kontzientzia handitzeko eta komunikazioa zein ezagutza hobetzeko.

Dokumentuak, bestalde, agerraldi horrek izan zituen ondorio ekonomikoen azterketa jasotzen du. Izan ere, agerraldiak premiazko neurri-sorta bat onestea ekarri zuen, 210 milioi eurokoa, ortuari freskoen ekoizleentzat.

Azterketa hori argitaratuta, Batzordeak agerian uzten du honako hauek egin behar direla: trazabilitate-arauak berrikusi, agerraldien kudeaketari buruzko prestakuntza-programak abiarazi, lan-prozedurak eguneratu (malgutasun nahikoa emanda) eta krisi-egoeretan komunikazioaren koordinazioa hobetu.

Ikasitakoak