Laburpen honetan zehazten dira 2013an Euskadin kontsumitutako elikagaien osasungarritasuna bermatzeko egindako kontrolen emaitzak.

ARRISKU BIOLOGIKOAK

Establezimenduetako kontrol ofiziala analitikoki egiaztatzeko plana Produktuaren segurtasunaren (patogenoak) eta higiene-adierazleen inguruko parametroak aztertu ziren. 2013an, sektore hauek ikertu ziren:

  1. Prestatutako janaria:ostalaritzako III. taldea.
  2. Gozogintza-, esne- eta esneki-lantegiak:gazta onduaren prestakuntza eta esnea saltzeko makinak.
  3. Haragia eta haragi-produktuak:haragi- eta lukainka-dendak eta haragi- eta hestebete-dendak.
  4. Arrantzako produktuen prestakuntza:keztatuak, lehor-gazituak, kontserbak eta molusku-araztegiak.
  5. Oboproduktuen eta hazi ernamuinduen prestakuntza.

Ez-betetze tasarik handiena duten establezimenduak:

  • Gozogintza-lantegiak: aztertutako 20 laginetatik 7 ez ziren bat etorri.
  • Haragia eta haragi-produktuak: aztertutako 280 laginetatik 95 ez ziren bat etorri.

Patogenoen zaintza horizontalerako plana

Plan honetan, merkaturatutako elikagaietako patogenoak zaintzen dira, baina Autonomia Erkidegoan egin ez direnak.

Lapikoko haragi-platerek izan zuten ez-betetze tasarik handiena: aztertutako 162 laginetatik 70 ez ziren bat etorri.

Mikrobioen aurkako erresistentziaren zaintza-plana

100 E. coli anduietatik 46k ez zuten erresistentziarik agertu aztertutako mikrobioen aurkako produktuen aurka, 10ek mikrobioen aurkako produktu baten aurkako erresistentzia zuten, 8k mikrobioen aurkako bi produkturen aurkakoa, 7k mikrobioen aurkako 3 produkturen aurkakoa eta 27k 4 baino gehiagoren aurkakoa.

27 Salmonella spp anduietatik 5ek ez zuten erresistentziarik agertu aztertutako mikrobioen aurkako produktuen aurka, batek antibiotiko baten aurkako erresistentzia zuen, 5ek mikrobioen aurkako bi produkturen aurkakoa, 13k mikrobioen aurkako 3 produkturen aurkakoa, andui batek lauren aurkakoa eta 2 anduik mikrobioen aurkako 5 produkturen edo gehiagoren aurkakoa.

Hiltegien ikuskaritza

Gehien jasotzen diren gorabeherak honako hauen ingurukoak dira: animalien ongizatea behietan, animalien identifikazioa ekidoetan eta gaixotasun-sintomak txerri-espeziean.

Zaldiak konfiskatu ziren kasuen % 100 animalien identifikazio-arazoengatik izan zen, eta txerrien kasuan, berriz, gaixotasun-sintomengatik konfiskatu ziren guztiak. Ardiei dagokienez, sarkosiztosiagatik konfiskatu ziren gehienak.

Entzefalopatia espongiforme kutsakorren zaintza-programa

Denboraldi honetan, ez da behien entzefalopatia espongiformearen kasu positiborik agertu EAEko hiltegietan hildako behietan.

Zoonosi-kontrola

52 Coxiella burnetti kasu agertu dira, eta 2013an igo egin da isolamendu-kopurua.

ARRISKU KIMIKOAK

Sulfitoak kontserbagarri gisa erabiltzen dira zenbait elikagaitan, eta onartutakoa baino maila handiagoak aurkitu dira krustazeoetan, fruta lehortuetan eta haragizko eratorrietan; hain zuzen, % 13 eta 17 artean. Haragi xehatuetan, portzentajea % 8 da soilik, baina gogoratu behar da debekatuta dagoela gehigarriak erabiltzea.

Aurkikuntzarik garrantzitsuena merkurio-kopuru handiena duten espezieen merkurio-edukian egin da. Ez-betetzeak detektatu dira aztertutako 12 atun-laginetako bitan, baina beste espezie batzuetan aurkitu dira merkurio-maila handiko edukiak; adibidez, tintoletan eta batez ere ezpata-arrainetan, gelbatan eta marrazoetan.

Espezie horiek kontsumituz gero, gerta daiteke segurutzat jotzen den metil-merkurio maila gainditzea. Emakume haurdunei eta haurrei bereziki eragiten die konposatu horrek; beraz, mugatu egin beharko da horren kontsumoa.

Hondakinak animalia-jatorriko elikagaietan

Sendagaien artean, mikrobioen aurkako produktuetan aurkitu da, oro har, gorabehera gehien. Hori dela eta, talde horretan egin da laginketa gehien.Hala ere, azken urte honetan, aurrekoetan bezala, ez da egon bat ez etortzerik gure lurraldean.

Ingurumen-kutsatzaileen taldeari dagokionez, ganadu handien erraietako metal astunen taldeetan aurkitu izan dira bat ez etortzeak. Aurten ere detektatu zen metal astunekin bat ez zetorren lagin bat.

EGINDAKO BESTE PROGRAMA ETA JARDUERA BATZUK

Gaixotasun-agerraldien ikerketa 2013an, EAEn agerraldi hidriko baten eta janariarekin lotutako 37 agerraldien berri eman da:4 Araban, 11 Bizkaian eta 23 Gipuzkoan (680 pertsona gaixotasunak jota eta 46 ospitaleratu).

Gipuzkoan izandako hidriko-jatorriko agerraldi horrek 238 pertsonari eragin zien. Errotabirusa eta norobirusa isolatu egin ziren, bai kontsumitzeko urean, bai gaixotasunak jotako pertsonetan.

Janari-jatorriko 37 agerraldiei dagokienez, 444 pertsonari eragin zien eta 46 ospitaleratu zituzten. Gutxitu egin zen agerraldien kopurua 2002tik 2012ra arte, baina 2013an gorakada izan da.

  • Agerraldien hilabetekako banaketari dagokionez, ikusi da urtaroaren araberako joera nagusi bat dagoela: agerraldi gehiago daude udan eta udazkenean.
  • 2013an agerraldiak eragin dituzten elikagai gehienak arrautzez edo arrautzatik eratorritakoez prestatutakoak izan dira; 16 agerraldi eragin dituzte, zehazki (% 43).11 agerralditan, ezin izan dute identifikatu berau eragin duen elikagaia.
  • Tabernak eta jatetxeak izan dira gehienetan agerraldiaren sorlekua (22, % 59).
  • Salmonella da gehienetan agerraldiaren eragilea; jakinarazitako agerraldien % 57 eragindu. Agerraldien % 22an ezin izan da eragilea identifikatu.

Autokontrolen kontu-ikuskaritza (APPCC/HACCP)

250 kontu-ikuskaritza egiten dira urtero elikagaien enpresen autokontrolerako programak edo APPCC/HACCPak ikuskatzeko. Programa horiek kalitatea ziurtatzeko sistemak dira.

Ostalaritzako Autokontrolerako Plan Orokorra ezartzea

2011 eta 2012an, Osasun Sailak Ostalaritzako Autokontrolerako Plan Orokor bat gauzatu zuen ostalariekin batera. 2013an, 1.441 ikuskaritza egin ziren ostalaritzako sektorean, eta egiaztatu zen establezimenduen % 75ek behar bezala ezarria duela plan orokorra.

Elikadura bereziaren programa berezia

2013an, kontrol-programa berezi bat gauzatu zen elikagai bereziekin jarduten duten enpresa guztietan, eta enpresa horietan bildutako produktuen ausazko laginketa bat egin zen.

Salaketak eta erreklamazioak

2013. urtean, 264 salaketa eta erreklamazio kudeatu eta izapidetu dira guztira.Animalia-jatorriko elikagaiak izan ziren horien eragileak gehienetan.

Kontrolerako beste jarduera batzuk

Halaber, kontrolerako jarduera hauek ere egin ziren:

  • Funtzionamendurako osasun-baimena:establezimenduek jarduera hasten dutenean.
  • Alertak:Europako alerta-sareak jakinarazpenak egiten dituenean kontsumitzaileen osasunari eragin dakiokeen establezimenduen edo produktuen inguruan.

Informe 2013 Salud Pública y Adicciones – Osasun Saila 2015