Elikagaien Segurtasunerako Suediako Agentzia Nazionalak (NFA) txosten bat argitaratu du, haurrentzako elikagaietako metalen presentziari buruzko azterlanaren emaitzak jasotzen dituena. Ondoren, herritar-talde horren metal-ingesta ebaluatu da, eta zenbait aholku eman dira 6 urtetik beherako adingabeak dituzten familientzat.

Txostenak hiru atal ditu:

  1. Kutsatzaileen kontzentrazioak haurrentzako elikagaietan
    2011-2012 bitartean, Agentziak bularreko haurrentzako (0 eta 12 hilabete bitartekoak) eta haur txikientzako (1 eta 3 urte bitartekoak) 92 elikagai aztertu zituen. Zehazki, honako talde hauetako elikagaiak ziren: bularreko haurrentzako eta jarraipeneko formula-prestakinak (13), ahiak eta ahi-produktuak (40), mediku-erabilerako produktu bereziak (27), arroz-, olo- eta soja-edariak (9), olo-krispetak, olo-irina eta berehalako arroz xigortua. Hiru metal astunen (artsenikoa, beruna eta kadmioa) edukia aztertzeaz gain, beruna, kobrea eta manganesoaren kontzentrazioa ere zehaztu da. Emaitzen artean, nabarmentzekoa da edari guztiek zutela artsenikoa (arroz-edariek batik bat), eta hainbat elikagaitan beruna eta kadmioa atzeman dela. Mineralei dagokienez, aztertutako 3 elikagaik gainditzen zuten manganesoarentzat ezarritako muga.
  2. Ebaluazioa: arriskuak/onurak
    Aurreko atalean adierazitako emaitzak aintzat hartuta, Agentziak zenbatetsi egin zuen haurrek zenbait mineralekiko duten esposizioa. Artsenikoak legeak ezarritako mugak gainditu ez arren, zenbait kasutan (arrozarekin eginiko zenbait elikagai eta edari, esaterako), jaioberrien eta haurren artseniko inorganikoarekiko esposizioa garrantzitsua dela ikusi da. Bada, horrek arriskua dakar herritar-talde horrentzat. Kadmioaren ingesta handiagoa da umeen artean helduen artean baino, baina ez du EFSAk ezarritako EIOa gainditzen. Mediku-erabilera bereziko produktuetako berunarekiko esposizioa hurbildu egiten da EFSAk ezarritako erreferentzia-puntura; beraz, ingesta murriztea gomendatzen da, haurren garun-garapenean dituen ondorio txarrak direla eta. Beste alde batetik, ahiaren eta mediku-erabilera bereziko produktuen bidezko manganeso ingestak gainditu egiten du OMEk ezarritako EIO muga, eta deigarria da urtebeteko umeen artean dagoen kobre-ingestak.
  3. Kudeaketa: arriskuak/onurak
    Arrisku Ebaluazioaren emaitzak ikusita, Suediako Agentziak honako aholku hauek ematen dizkie haur txikiak dituzten familiei:
  • Ez ematea arrozarekin eginiko edaririk 6 urtetik beherako umeei, edari horiek izan ohi duten artseniko-presentzia handiagatik.
  • Ez ematea arrozarekin edo oloarekin bakarrik eginiko ahiak haurrei, artsenikoa baitute.
  • Ahi-motak eta markak aldatzea, beruna eta kadmioa baitituzte.
  • Laboreekin eginiko edari-motak eta markak aldatzea, kadmioa baitute.

Txosten horrek ondorioztatzen du hainbat elikagai dituen askotariko elikadurak murriztu egiten dituela metal astunek haurren artean eragiten dituzten arriskuak.

1. txostena. Kutsatzaileen kontzentrazioak

2. txostena. Ebaluazioa: arriskuak/onurak

3. txostena. Kudeaketa: arriskuak/onurak