Elikagaien Segurtasunerako Kataluniako Agentziak (ACSA) balioetsi egin du katalanentzat prozesu-kutsatzaile hauen ingestaren arriskua: 3-MCPD, 2-MCPD, horien gantz-azidoen esterrak eta gantz-azidoen ester glizidikoak.

Azterlanak aztertu egin ditu, lehenik, konposatu horien kopuru handia izan dezaketen merkatuko elikagaiak, besteak beste, olio eta koipe finduak, eta olio eta koipe horiek izan ditzaketen elikagaiak.

Bigarrenik, katalanen elikagai-kontsumoari buruzko datuak aintzat hartuta, prozesuko kutsatzaile horiekiko dieta‑esposizioaren balioespena egin da.

Elikagaien edukia

3-MCPD eta 2-MCPD askeen kopuru handiena ogi, opil eta saltsetan aurki daiteke. Zehazki, maionesak dauka 3-MCPD kopuru handiena, eta 2-MCPDri dagokionez, soja-saltsaren hiru laginetatik batek baino ez zuen gainditzen detekzio-muga. Frijitzeko olio‑nahasketan ezin izan da zehaztu ez 3-MCPDren ez 2-MCPDren kontzentrazioa, laginak ez baitzuen ur-zatirik.

Gantz-azidoen esterrei dagokienez, kopururik handiena pats-olioan antzeman da. Kasu honetan ezin izan da zehaztu esterren presentzia soja-saltsan, laginak oso koipe gutxi baitzuen.

Aztertutako laginen batezbesteko balio bakar batek ere ez du gainditu 1881/2006 Araudiak ezartzen duen gehieneko muga. Pats-olioak baino ez luke gaindituko ester glizidikoei dagokienez, beti ere haurrentzako elikagaiak eta bularreko haurrentzako prestakinak egiteko erabiltzen bada. Hori guztia, aintzat hartuta 2019ko ekainean indarrean sartuko diren balioak.

Esposizioaren ebaluazioa

Azterlan honetan aztertutako kutsatzaile guztietan esposizio-profil berari eusten zaio: haurrak dira esposizio altuena dutenak eta 6 eta 11 hilabete bitarteko haurrek dute ingestarik handiena. Esposizio altuena 3-MCPDekikoa da (2,34 µg/kg/egun), eta jarraian 2‑MCPDekikoa (0,99 µg/kg/egun), hasierako esnearen eta, batez ere, jarraipen-esnearen kontsumoaren ondorioz.

Ondorioak

Baztertu egin daiteke prozesu-kutsatzaile horiekiko esposizioa arriskutsua izan daitekeela katalanentzat oro har, salbu eta 6 eta 11 hilabete arteko haurrentzat. Kasu horretan ezin da baztertu 3‑MCPDren ingestaren arriskua, zehazki gantz-azidoen esterrei dagokienez.