Europako Batzordearen Joint Research Centrek (JRC) bere lehenengo jarraipen-panela sortu du, ingurumena errespetatzen duen eta bidezkoa eta osasungarria den elikadura-sistema baterako aurrerapenei buruzko informazioa emateko. Horretarako, ingurumeneko adierazleak eta adierazle ekonomiko eta sozialak (osasuna barne) kontuan hartzen dituzten adierazle-multzo bat izango du oinarri. Jarraipen-esparru horrek EBko elikadura-sistemaren jasangarritasunari buruzko informazio garrantzitsua emango die arduradun politikoei, alde interesdunei eta hiritarrei, eta Europako Itun Berdearen helburuekiko aurrerabidea neurtzea ahalbidetuko du.

EBko elikadura-sistemaren eredu kontzeptual berri horrek elikagaien hornidura-kate osoa barne hartzen du, ekoizpen primariotik edo eraldaketatik hasi eta elikagaiak banatu eta kontsumitzeraino. 44 adierazle nagusik osatzen dute sistema eta hiru dimentsiotan sailkatzen dira: ingurumenekoa, ekonomikoa eta soziala. Halaber, kategoria horizontal bat ere badago, eta bertan gobernagarritasuna eta erresilientzia jasota daude.

Lanketa-metodologia

Ereduaren oinarriak literatura zientifikoaren azterketa sakona eta Europako Itun Berdeari lotutako politiken eskakizunen analisia dira. Horretarako, babes-politikei lotutako 350 adierazletik gora aztertu ziren, eta aurreikusitako helburuarekiko egokitasuna ebaluatu zen.

Ondoren, hautaketa perfekzionatzeko eta datuen egokitasunari eta kalitateari buruzko informazioa biltzeko, alde interesdunei kontsulta egin zitzaien. Interesdunen artean honako hauek zeuden, besteak beste: Batzordearen zerbitzuak, Elikadura Sistemen Jasangarritasunari buruzko Aholkularitza Taldeko kideak eta elikadura‑legeria orokorrari eta elikadura-sistemen jasangarritasunari buruzko Aditu Taldea.

Amaitzeko, jarraipen-panel erabilerraz batean bistaratu daitezkeen adierazleak identifikatu ziren, horien bidez identifikatu baitaitezke ezagutza-hutsune nagusiak.

Hurrengo urratsak

Adierazleak etengabe berrikusiko dira eta identifikatutako hutsuneak betetzeko adierazle berriak garatuko dira. Halaber, sistemaren egoerari lotutako aldizkako kontrolak egingo dira, hornidura-katearen osagaien eta jasangarritasun-domeinuen irudikapena egokia dela bermatzeko.