EBko elikakatearen kontrol ofizialei buruzko 2022ko txostena
Europako Batzordeak urteko txostena argitaratu du, 2022an EBko herrialdeetan egindako elikagai eta pentsuen, animalien osasun eta ongizatearen, landareen osasunaren eta produktu fitosanitarioen kontrol eta auditoretza ofizialei buruzko informazioa jasotzen duena. Txostenak nabarmentzen du kontrol horiek garrantzitsuak direla elikakatearekiko konfiantzaren eta osasunaren babesaren maila altuei eusteko, baserritik mahaira, eta ondorioztatu du EBko herrialdeek, oro har, elikagai eta pentsuen segurtasunari eta barne-merkatu osasuntsuari eusteko beharrezkoak diren kontrol-sistemak dituztela.
EBko kontrol ofizialak
Txosten honek EBko agintari eskudunek 2022an egindako kontrol ofizialen emaitzak aurkezten ditu, grafiko estandarizatu eta erabilerrazen bitartez.
2022an, kontrol ofizialaren xede diren 16,4 milioi entitate komertzialki aktibo zeuden EBn, eta agintariek 5 milioi kontrol ofizial inguru egin zizkieten entitate horiei. Kontrol horietan 1,2 milioi ez-betetze kasu detektatu ziren; ez-betetze horien ondorioz, 475.000 zehapen administratibo eta 12.000 ekintza judizial baino apur bat gehiago aplikatu ziren.
Kontrol ofizialeko sistemen kontrolak
Europako Batzordeak laguntza-zeregina dauka, eta EBko herrialdeei laguntzen die beren kontrol ofizialeko sistemak hobetzen. Gainera, sistema horien kontrola eta auditoretzak egiten ditu. 2022an, arriskuak oinarri hartuta, lehenetsi egin dira animalien ongizate eta osasuneko, landareen osasuneko eta animalia-jatorriko produktuen segurtasuneko kontrol-sistemak.
Batzordeak 2022an egindako 120 kontrol eta auditoretzetan agerian geratzen da, oro har, agintari nazionalek beharrezkoak diren sistemak dituztela enpresek EBren betekizunak aplikatzen dituztela gainbegiratu eta bermatzeko eta ez-betetzeen arazoak egonez gero jarduteko. Nolanahi ere, EBko herrialde batzuetan, Batzordeak gabeziak antzeman ditu kontrol ofizialeko sistemetan, eta, horrenbestez, 363 hobekuntza-gomendio egin dira guztira.
Ondoren, Batzordeak egiaztatu egiten du jarraipen-auditoretzetan antzemandako gabeziei heltzeko neurri zuzentzaile egokiak hartu diren. 2022an, 9 jarraipen-auditoretza egin dira. Horietan, argi geratu da gabeziak konpontzeko neurri zuzentzaileak hartu direla 2018-2020 hirurtekoan egindako gomendioen % 93an.
Aurkikuntza nagusiak
Kontrol ofizialeko programetan Europako Batzordeak antzemandako gabezia nagusiak hauek izan ziren:
Arrantza-sektorea: arazoak itsasontzi txikien erregistroan, lehorreratzeko lekuetako kontroletan eta lotutako eragiketetan, eta EBko beste herrialde batzuetan lehorreratzen diren ontzien kontrolik eza. Halaber, ikusi zen histaminaren kontrol-metodo alternatiboak erabiltzeak entseguetako emaitzen fidagarritasuna edo/eta baliozkotasuna murriztu zezakeela.
Harakintza-sektorea: gabeziak albaitari ofizialen prestakuntza eta gainbegiratzean eta gaitasun txikiko hiltegietako kontrolen eraginkortasunean.
Esneki-sektorea: urritasunak esne gordinaren probei eta tratamendu termikoaren egiaztapenari buruzko operadoreen prozedurak aplikatzean.
Animalia-jatorrikoak ez diren elikagaiak: lehen sektoreko ekoizleen erregistroa hobetzeko premia, arriskuan oinarritutako kontrol ofizialak egitean.
Pentsuak: operadoreen kontroleko arriskuen analisien sistemen eta puntu kritikoen ebaluazioa hobetzeko premia, laginketa-protokolo egokiak aplikatzean eta etiketatzearen kontrol ofizialetan.
Animalien osasuna:
- Txerri-izurri afrikarra: gabeziak gaixotasunaren hautemate goiztiarrean, biosegurtasunean eta mugatutako eremuetatik egindako joan-etorrien kontroletan.
- Patogenotasun handiko hegazti-gripea: hobetzeko tartea kontingentzia-planen errefortzuan, ikerketa epidemiologikoan eta despopulatze-mekanismoetan.
- Amorrua: amorrua errotik kentzeko programak gauzatzeak adierazten du helburuekin bat etorrita aurrera egiten ari dela.
Animalia-jatorriko azpiproduktuak: hobetzeko beharra arlo hauetan: elikagaien sektorean sortutako animalia-jatorriko azpiproduktuen kontrola, operadoreen arriskuen analisiaren eta kontrol-puntu kritikoen sistemen ebaluazioa, eta eraldaketa-lantegien baliozkotzearen egiaztapenak.
Animalien ongizatea: sektore eta ekoizpen-sistema desberdinetarako berariazko adierazle egokiak izateko premia, ustiategietan animalien ongizate-baldintzak eta baldintza horiek denboran duten bilakaera neurtzeko.
Landareen osasuna: agintariei kontrol-sistemak egokitzen lagundu zitzaien garraio fitosanitarioaren arloko betekizun berriak betetzeko. Xylella fastidiosa hedatzea geldiarazteko hartutako neurriei dagokienez, beharrezkoak diren errotik kentzeko neurriak aplikatzea atzeratzen duten oztopoak identifikatu ziren, bereziki agerraldietan kontrolen lehenengo faseetan.
Erresistentzia antimikrobianoak
DGSANTEk estatu kideen ekintza-planak berrikusi ditu antimikrobianoekiko erresistentziaren aurka borrokatzeko. Egiaztatu da ekintza-planak daudela herrialde gehienetan, nahiz eta nabarmen aldatzen diren eduki eta xehetasunei dagokienez; horrek islatzen du herrialde bakoitza antimikrobianoekiko erresistentziaren aurkako borrokan zein fasetan dagoen. Nolanahi ere, “Osasun Bakarra” ikuspegia integratzeko ahalegin handiagoa egitea gomendatzen dute, batik bat ingurumenari dagokionez, askotan ez baita agertzen edo ez baitago ondo garatuta.
Berrikuspenak antimikrobianoekiko erresistentziari aurre egiteko gobernantza-ereduen eta koordinazio-mekanismoen adibide onak deskribatzen ditu; hala ere, oro har, ekintza-planen zati operatiboak, hala nola jarraipena eta ebaluazioa, ez daude ondo garatuta. Halaber, kasu gehienetan ez dago aurrekontu-informaziorik. Alderdi horrek ezarritako helburuak eraginkortasunez lortzen direla bermatzeko planen aplikazio jasangarriari buruzko galderak sortzen ditu. Testuinguru horretan, ekintza-planen aurrerapenei kalte egin die COVID-19aren pandemiak, baliabideak beste lehentasun batzuetara desbideratu baitira.
Gomendioak
Txostenak ondorioztatzen du agintari nazionalek behar bezala daramatela elikakateko enpresek EBren aplikatu beharreko betekizunak betetzen dituztela gainbegiratzeko eta egiaztatzeko zeregina, eta, oro har, horrela ez denean, neurri zuzentzaileak ezartzen direla hautemandako gabeziak konpontzeko.
Kontrol ofizialeko sistemak hobetzen jarraitze aldera, Europako Batzordeak honako gomendio hauek egin ditu:
- Barneko datu-sistemak egokitzea, datu osoak eta koherenteak kudeatu ahal izateko Batzordeak eskatutako formatuan.
- Betetze-maila orokorrari, kontrol ofizialeko sistemen eraginkortasun orokorrari eta kontrol ofizialen erregelamenduko helburuak lortzeko egokitasunari buruzko adierazpenak urteko txostenean sartzea.
- Ez-betetzeen kasu nagusien eta horiek ez errepikatzeko hartutako neurrien azterketa.