ECDCk estrategiak definitu ditu jatorri zoonotikoko gripeari aurre egiteko
ECDCk gida bat argitaratu du Europako herrialdeei jatorri zoonotikoko gripea detektatu eta erantzuten laguntzeko eta balizko egoera desberdinetarako modu egokian, koordinatuan eta eraginkorrean prestatzeko eta erantzuteko.
Gida EFSAk agerian jarritako ekintza sanitarioaren prestakuntza eta koordinazioa indartzeko beharra ikusita prestatu da, H5N1 patogenotasun handiko hegazti-gripearen zirkulazio-mailen berri eman baitute Europa osoko hegazti basatiengan, 2025eko udazkeneko migrazioari dagokionez. Agerraldi horiek agerian uzten dute goiz hautematea eta aldez aurretik prest egotea ezinbestekoa dela.
Gida horretan erantzun praktikoko 14 agertoki aurkezten dira, egungo egoeratik hasi –Europar Batasunean ez da gizakien artean kasurik jakinarazi, baina hegazti-gripearen birusak animalien artean zabaldu dira– eta agertoki larriagotara, hala nola gizakiak kutsatzea edo gizaki batetik bestera kutsatzea, pandemia izatera iritsi arte. Aipatutako esparrua diseinatu da herrialdeei azkar eta modu proportzionalean jarduten laguntzeko, arriskuek aurrera egin ahala.
Osasun publikoaren esparruko erantzun-neurri batzuk gehitu dira, hala nola zaintza eta laborategiko probak indartzea, babes-ekipoen eskuragarritasuna bermatzea, eta publikoarekiko komunikazio argia ahalbidetzea. Halaber, zaintza genomikoaren, laborategien gaitasuna indartzearen eta datuak denbora errealean trukatzearen garrantzia azpimarratzen dira.
Gidak osasun bakarraren ikuspegia bere egiten du; izan ere, aitortzen du giza osasuna hertsiki lotuta dagoela animalien osasunarekin eta ingurumenarekin, eta azpimarratzen du beharrezkoa dela albaitaritza-zerbitzuen, nekazaritzaren eta osasun publikoaren arteko lankidetza, mehatxuak garaiz detektatu eta geldiarazteko eta Europa osoko pertsonak babesteko.
Gida erakunde hauen arteko lankidetzatik sortu da: Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritza (EFSA); Sendagaien Europako Agentzia (EMA); Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentzia (EU-OSHA); hegazti-griperako Europako erreferentziazko laborategia (IZSVe); eta nazio-mailako adituak.
