Elikagaien Segurtasuneko Europako Agentziak (EFSA) 2012rako Lan Egitasmoa argitaratu du. 2012an, gainera, bere hamargarren urteurrena ospatuko du EFSAk, eta une egokia izango da hausnarketa egiteko, iraganean lortutakoaren eta etorkizuneko erronken inguruan. Programaren oinarria da Osasun Publikoko lehentasunei aurre egitea, kontsumitzaileak, animaliak eta ingurumena babesteko.

Datorren urterako aurreikusi dituzten jarduera nagusien artetik honako arrisku-balioespen hauek dira aipagarrienak:

  • Kutsatzaile kimikoak (merkurioa, besteak beste) eta toxina naturalak (mikotoxinak barne).
  • Plagiziden hondakinen arrisku metatua.
  • Erreferentziazko baloreak, jan daitezkeen koipe zein olioentzat eta dietan mikronutrienteentzat.
  • Arraina kontsumitzearen arriskuak eta onurak.
  • Bisfenol A konposatuari eta Aspartamo edulkoratzaileari buruzko gomendioak gainbegiratzea.
  • Genetikoki eraldatutako organismoak eta animalia klonatuetatik eratorritako elikagaiak.

Halaber, elikagai osagarriak ere balioetsiko dira, besteak beste: gehigarriak, elikagaiekin kontaktuan dauden materialak, beste nutriente iturri batzuk, material birziklatuak, ke-aromak, genetikoki eraldatutako organismoak, plagiziden substantzia aktibo berriak, eta abar.

EFSAren beste lehentasun bat izango da 2012rako animalien ongizateen adierazleak zehaztea eta oilaskoak ikuskatzeko prozedurak gainbegiratzea.

Azkenik, EFSArentzat beste xede garrantzitsuenetako bat Zientzia Estrategia 2012-2016 abiaraztea izango da. Estrategia horretan hurrengo bost urterako zientzia garapenaren ikuskera zehazten da. Horrela agerien geratzen da EFSA Elikagaien Segurtasun arloko Europako sistemaren erreferente bihurtu dela.

Halaber, 2012an EFSAk aldatu egingo ditu zientzia batzordeetako eta zientzia paneletako kideak.

Informazio gehiago: