EFSAk bere arriskuen ebaluazioetan nahiz Elikagaien Segurtasuneko kontrol- eta zaintza-programetan erabiltzen diren datu zientifiko guztiak partekatuko ditu EB mailan. Elikagaien Segurtasuneko Europar Agintaritzak adierazi du datuak argitaratzea faktore erabakigarria dela ebidentzia zientifikoan oinarritutako gardentasun, erantzukizun eta erabaki-hartzea betetzeari begira.

EFSAko datu-adituek EBko estatu kideetako aditu eta agintaritzen laguntzarekin idatzitako txosten honetan, hauek bezalako arloetan bildutako datuak partekatzeko modua azaltzen da: elikagaien kontsumo-ohiturak, plagiziden hondakinak elikagaietan, kutsatzaile kimikoak eta gehigarriak elikagaietan, elikagaien bidez transmititutako gaixotasunen agerraldiak, eta erresistentzia antimikrobianoak.

Sarbide irekiko plataforma

Datuak Knowledge Junction izeneko Open Datako atarian jarriko dira eskuragai. Gordailu hori EFSAk sortu zuen 2016an, Arriskuen Ebaluazioetan erabilitako ebidentzia zientifikoari lotutako informazioa, erreproduzigarritasuna eta berrerabilera sustatzeko helburuz.

Knowledge Junction Zenodo plataformako komunitate bat da, eta Interneterako sarbidea duen oro sar daiteke bertan. Lehenbiziko datuak 2019 honetan argitaratuko dira.

Ondorioak

Txosten honek hainbat herrialdek gobernuen datuetarako sarbide publikoa emateko hartutako neurrien berrazterketa bat barne hartzen du. Horren asmoa da Europa osoan zehar Elikagaien Segurtasunaren arloan datu irekien politika bat ezar dadila sustatzea.

Gainera, herritarrek datuak irekian ikusi ahal izateak honako abantaila hauek ditu:

  • Kontsumitzaileei elikadura osasungarriari buruzko erabakiak hartzen lagunduko lieke.
  • Elikagaien segurtasuneko zaintza-sistemak hobetuko lituzke.
  • Elikagaien ekoizpenaren sektorean berrikuntza bultzatuko luke.