EFSAk berriro ebaluatu du 3-MCPD kutsatzaileak zer-nolako arriskua eragin diezaiokeen giza osasunari, eta ondorioztatu du helduetan ez dela gainditzen eguneroko ingesta onargarria (TDI), hau da, 2 μg / gorputz‑pisuaren kg.

3-MCPD substantzia kimikoa (3-monokloropropano diola) eta horrekin lotutako substantziak, 3-MCPD esterrak, kutsatzaileak dira eta zenbait jaki prozesatutan nahiz landare-olioetan (batik bat palma-olioan) egon ohi dira, prozesatzean sortzen baitira.

3-MCPD ebaluatu zuten jada 2016an. Zergatik ebaluatu behar dute orain berriro?

EFSAren 2016ko irizpena egin zuen zientzia-taldeak dioenez, Elikagai Gehigarrien Adituen FAO/OMEko Batzorde Mistoak (JEFCA) TDIaren beste maila bat ezarri zuen 2016aren ondoren, eta horregatik erabaki dute orain ebaluazioa berrikustea.

EFSAk eginiko bigarren ebaluazio horretan, metodo eguneratu bat erabili dute TDIa kalkulatzeko, JEFCAk bere analisirako erabili duen berbera. Emaitza gisa, TDIaren maila bikoiztu egin da lehen ebaluazioko mailekin alderatuta:

3-MCPDaren eguneroko ingesta onargarria (TDI), μg / kg-tan:

EFSA 2017 2.0
JEFCA 2016 4.0
EFSA 2016 0.8

 

Giltzurrunerako eta gizonen ugalkortasunerako arrisku potentzialak

EFSAren TDI berria gehiago hurbiltzen da JECFAren TDIra. Bi erakundeek datu toxikologiko berberak erabili zituzten, baina modelatze-teknika desberdinak. Desberdintasun tekniko horiek gorabehera, biek ala biek ondorio orokor berberak atera zituzten 3-MCPDk osasun publikoan eragin ditzakeen kalteei buruz:

Helduetan ez da gainditzen 2 μg / kg-ko TDIa. Ikusi zen TDIa zertxobait gainditzen zela adin txikiagoko taldeetako kontsumo handieneko kontsumitzaileen artean eta, bereziki, soilik formulaz elikatzen diren bularreko haurren artean.