EFSAk iritzi zientifiko bat eman du hidroxiantrazenoaren deribatuei buruz, eta ondorioztatu du substantzia horiek genotoxikoak direla eta luzera begira minbizia eragin dezaketela.

Substantzia talde hori aloe veran, senna espezieetan eta halako landareetan aurki daiteke, eta landare-osagai gisa erabiltzen dira elikagaietan, haien eragin libragarria dela eta.

2013an, EFSAren Dietetika Produktuen, Nutrizioaren eta Alergien Taldeak frogatu zuen janari-osagarrietako hidroxiantrazenoaren deribatuek hesteen funtzioa hobetu dezaketela, eta gomendatu zuen luzera begira dosi altuetan ez erabiltzea eta kontsumitzea; izan ere, toxikotasun-arazoak eragin ditzakete giza osasunean.

Ondoren, Europako Batzordeak EFSAri eskatu zion landare-osagai horiek elikagaiei gehitzean kaltegabeak diren ala ez aztertzeko eta osasunerako eraginik izango ez duen eguneko ingesta zein litzatekeen aholkatzeko.

Eskuragarri dauden datuak oinarri hartuta, EFSAk iritzi zientifiko honetan ondorioztatu du hidroxiantrazenoaren deribatu batzuk genotoxikoak direla. Horrenbestez, ezinezkoa da eguneko ingesta seguru bat ezartzea. Gainera, frogatu da substantzia horietako batzuk kartzinogenikoak direla, animaliekin eginiko ikerketetan frogatu baita lotura dutela hesteetako minbiziarekin.

EFSAren ondorio hauek bat datoz lehendik Europako eta nazioarteko zenbait erakundek (Osasunaren Mundu Erakundea, Sendagaien Europako Agentzia eta, berriki, Arriskua Aztertzeko Institutu Federala) substantzia horien inguruan eginiko ebaluazioekin.