EFSA eta ECDC ikertzen ari dira Europako zenbait herrialdetan gertatzen ari diren Salmonella enteritidisaren agerraldien balizko jatorri partekatua.

Bi organismoek joan den abuztuaren 27an argitaratutako txostenean honako ondorio hauek azaltzen dira:

  1. Badirudi Austrian, Frantzian, Alemanian, Erresuma Batuan eta Frantzian bizi den Luxenburgoko gaixo baten Salmonella enteritidisaren (S. enteritidis) kasu edo agerraldi esporadikoak lotuta egon daitezkeela.
  2. Austria, Frantzia eta Alemaniako kasuek lotura epidemiologikoa partekatzen dute Alemaniako hegoaldeko arrautzak paketatzeko zentro batekin.
  3. Frantzian identifikatutako arrautzen isolamenduek (Alemaniako arrautzak paketatzeko zentrokoak dira) gizakien arteko kasuen antzeko ezaugarri molekularrak partekatzen dituzte.
  4. Alemanian agerraldi honekin loturarik ez duen ikerketa baten bidez identifikatutako marrubizko pastel bateko lagineko Salmonellaren isolamenduek ere gizakien arteko kasuen antzeko ezaugarri molekularrak partekatzen dituzte.
  5. Ikerketa mikrobiologiko eta epidemiologikoek sendotu edo baztertu egin dezakete kasu guztiak agerraldi beretik eratorriak direlako hipotesia. Uste horren arabera, infekzioen jatorria Alemaniako hegoaldean ekoitzitako arrautza kutsatuekin eginiko elikagaiak izango lirateke.
  6. Ustez kutsatuta egon daitezkeen elikagaiak merkatutik atera badira ere, kasuen jakinarazpena atzeratzeak kasu gehiago agertzea ahalbidetzen du.

Kasuen kronologia

2014ko abuztuaren 1ean Osasun Zaintzarako Frantziako Institutuak S. enteritidisaren sei agerraldiren berri eman zuen. Horien artean 2014ko ekainaren 23tik uztailaren 21era bitartean gertatutako 45 kasu (16 egiaztatzeko) zeuden.

  • Kasuak supermerkatu-kate berean erositako arrautzen kontsumoarekin eta etxean arrautza horiekin prestatutako elikagaien (tiramisua, txokolate-moussea, maionesa eta izozkia) kontsumoarekin lotu da.
  • Alemania hegoaldean (Baviera) arrautzak sailkatzeko zentro bakar bat identifikatu da sei agerraldiekin lotuta, baita bi arrautzak ekoizteko bi ustiategi ere (hiru agerraldi ustiategi bati loturik eta beste hiru kasu bigarren ustiategi bati lotuta).

Ostean, Austriako Osasunaren Ministerio Federalak 2014ko ekainaren 14an gertatutako S. enteritidisaren agerraldi baten berri eman zuen. 61 kasu (27 egiaztatu) gertatu ziren, eta 61 horietatik 51k lotura epidemiologiko partekatua zuten: sukalde bakar batean eginiko jatekoak kontsumitu zituzten. Bada, sukalde horretan Frantziako agerraldietan inplikatutako paketatze-zentro bereko arrautzak erabili ziren.

Ekainaren 16az geroztik 25 kasu gehiago jakinarazi dira Austriako beste probintzia batzuetan.

AlemaniakoRobert Koch institutuakS. enteritidisaren 24 isolatze jaso ditu gizakien artean 2014ko ekainaz geroztik, eta horietatik 17k Baviera estatuan dute jatorria.

  • Isolatzeetako bat eramaile asintomatiko bati dagokio: lotura epidemiologikoa (pertsonala) du inplikatutako arrautza-ekoizlearekin.
  • Bigarren eramaile asintomatiko bat ohiko ikerketa batean identifikatu zuten, okindegi batean, elikagaien segurtasunerako tokiko agintariek. Alabaina, ez zen inolako loturarik aurkitu jakinarazitako kasuekin.

Luxenburgoko Osasun Institutu Publikoak S. enteritidisaren kasu baten berri eman zuen 2014ko ekainaren hasieran. Zehazki, Frantzian (Luxenburgoko mugatik hurbil) bizi den gaixo bat da. Ziur asko, gaixoak Frantziako beste kasuekin lotutako supermerkatuen kate berbereko denda batean erositako arrautzak kontsumitu zituen.

2014ko ekainean eta uztailean, Ingalaterrak tokiko eta eskualde-mailako S. enteritidisaren 247 kasu jakinarazi zituen.

Ikerketek martxan jarraitzen dute eta oraindik ere ez da identifikatu infekzioaren jatorri zehatza.

Txostena – EFSA/ECDC

Salmonellari buruzko bideoa – EFSA (ingelesez)