EFSAk dietaren bidezko selenio ingestioa aztertu du, elikadura-osagarriak barne, eta ondorioztatu du ez dela oso litekeena kontsumitzaile helduek gehieneko ingestio-maila jasangarria gainditzea, aintzat hartuta elikagaien eduki naturaletik datorren selenioa.

Dena den, ohartarazi da selenio dosi handiak dituzten elikadura-osagarriak kontsumitzen dituzten pertsonek gehieneko ingestio jasangarria gainditu ahal dutela.

Toxikotasuna

Gehieneko selenio ingestioari buruzko ebidentziak, eragin klinikoak eta biomarkatzaile potentzialak identifikatu dira, bai eta gaixotasun kronikoen arriskua eta pertsonen garapen neuropsikologikoaren narriadura ere.

Alopezia da selenioaren esposizioaren ondoriozko ezaugarri goiztiar ikusgarria eta ezarritako kontrako efektua, eta, horregatik, balorazio-irizpide kritiko gisa hautatu da selenioaren gehieneko muga ezartzeko.

Gehieneko ingestio-maila jasangarria (UL)

Behatutako kontrako efektu maila minimoa identifikatu da (LOAEL), 330μg/egun, gizakiengan egindako entsegu handi eta kontrolatu baten bidez (Selenium and Vitamin E Cancer Prevention Trial – SELECT), non 1, 3 ziurgabetasun-faktorea aplikatu den.

Hortaz, 255μg/egun ULa (gehieneko ingestio-maila jasangarria) ezarri da gizon eta emakumeentzat (hardun dauden edo bularra ematen dute emakumeak barne), eta haur eta gazteentzat pisuarekiko eskala proportzionala erabili da, honako taula honetan ezarritakoaren arabera:

Esposizioa balioestea

Estatu kideek argitaratutako txosten nazionalak kontuan hartu dira, eta ikusi da Espainian eta Frantzian inkestetako talde batzuetako goi mailako kontsumitzaileek (P95) ingestio zenbatetsiaren gehieneko mugak gainditzen dituztela.

Bularreko haurrei dagokienez, EFSAk nabarmendu du 2016/127 (EB) Erregelamenduaren arabera baimendutako selenio-kontzentrazio handieneko formula-esnearekin (hau da, 8,6μg/100 kcal) soilik elikatzen diren bularreko haurrek batez beste 60μg/egun selenio kontsumitzera iris daitezkeela. Hori horrela, 4 eta 6 hilabeteko eta 7 eta 11 hilabeteko bularreko haurren taldeek 45μg/egun eta 55μg/egun ULa gainditu ahal dute, hurrenez hurren, baldin eta selenio-kontzentrazio baimendu handieneko esnea nagusitzen bada haien dietan eta edari hori normalean hartzen bada.

Ondorioa

Oro har, elikagaien eduki naturaletik datorren selenioaren ingestioa ez da arduratzeko arrazoia. Nolanahi ere, seleniozko elikadura-osagarriak arduraz erabili behar dira haurrengan, banakako beharren arabera, eta osasun-profesional bati kontsulta egin ostean.

Ikerketa-premiak

Ebaluazio honetan, honako ezagutza-hutsune hauek identifikatu dira:

  • Selenioaren arriskua ebaluatzeko erabiltzen diren esposizio- eta efektu-biomarkagailuak mugatuak dira, eta horrek arriskua bereiztea oztopatzen du. Beharrezkoa izango litzateke selenio-kopuru handiegiari egokitzeko erantzun homeostatikoen eta adaptatiboen ikerketa egitea, biomarkatzaileak baliozkotzeko.
  • Gainera, honako arlo hauetan ikertzen jarraitu behar da:
    • selenioaren gehiegizko ingestioaren eta zenbait gaixotasunen arteko arriskuaren (hala nola II motako diabetes mellitusa) arteko harremana, jakinarazitako loturen kausalitatea zehazteko.
    • adinaren eta sexuaren araberako sentikortasuna selenioaren toxikotasunarekiko.
    • selenioaren elikadura-moten (organikoa eta inorganikoa) toxikotasunaren arteko aldeak.
    • elikagaien konposizioari buruzko datu-baseak hobetzea, inkestatutako herritarren emaitza analitiko adierazgarriak gehitzeko.