EFSAren ebaluazio berria arrainetan parasitoak egoteko arriskuari buruz
EFSAk arrantza-produktuetan parasitoak egoteko arriskuaren ebaluazio berria amaitu du ebidentzia zientifiko berrietan oinarrituta. Txostenean ondorioztatzen da egoera basatian harrapatutako arrain-espezie guztiak egon daitezkeela parasito zoonotikoen eraginpean; eta, beraz, horiekin infektatuta egon daitezke. Eta ondorio hori bera aplikatzen da ur gezako arrantzaguneei dagokienez.
Ebaluazio berriaren lehen zatian (EFSA, 2024ko apirila), arrain-haztegietako arrainetan aurki daitezkeen parasito garrantzitsuak deskribatu ziren. Eta bigarren zati honetan egoera basatian harrapatutako arrainek izan ditzaketen parasitoak jasotzen dira, zeinak parasito zoonotikoen multzo zabalagoa diren.
Parasitoak arrain-espezie basatietan
Literatura zientifikoan bildutako datuetan oinarrituta, gutxienez parasito zoonotiko bat jakinarazi da gutxienez arrain-espezie batean FAOren itsas arrantzako eremuetako bakoitzean.
Anisakis spp.-ren presentziari dagokionez, egoera basatian harrapatutako askotariko arrain-espezieetan jakinarazi da horren presentzia FAOren itsas arrantzako eremu guztietan, Indiako Ozeano Antartikoan (FAO 58. gunean) izan ezik. Hala ere, eremu horretan harrapatutako arrain-espezie askotan parasitoak detektatu dira, zehazki Phocanema decipiens eta Contracaecum osculatum.
Horrenbestez, parasito zoonotikoek arrainen ostalari gisa duten espezifikotasun erlatiboki baxua dela eta, irizpenean ondorioztatu da egoera basatian harrapatutako arrain-espezie guztiek izan ditzaketela parasito zoonotikoak, eta ezin direla, beraz, horietatik libre deklaratu, horiekin infektatuta egon daitezkeelako.
Parasitoak ur gezako arrantzaguneetan
Ur gezako sistemetan ere hainbat parasito zoonotiko aurkitu ziren arrantzagune guztietako arrain-espezie askotan, Antartikako barrualdeko uretan salbu, seguruenik arrain gutxi daudelako; eta horietatik bat ere ez da Europara inportatzen.
Horrenbestez, era berean, ondorioztatu zen ur gezako arrantzaguneetatik datozen arrain-espezie bat ere ezin dela deklaratu osasun publikorako kaltegarriak diren parasitoetatik libre.