Eguneratu egin da QPS agente biologikoen zerrenda – EFSA 2013
QPS zerrendak (Segurtasuneko Presuntzio Kualifikatua) jasotzen ditu elikagai eta pentsuen iturri gisa (gehigarriak, entzimak, produktu fitosanitarioak eta genetikoki eraldatutako organismoak) gomendatutako agente biologikoak, euren sailkapen taxonomikoaren arabera. Zerrenda hori maiztasun jakin batekin berrikusten eta eguneratzen da, aintzat hartuta EFSAko panelek eta aditu-taldeek egiten dituzten segurtasun-ebaluazio berriak.
Testuinguru horretan, EFSAko BIOHAZ Panelak berrikusi egin ditu QPS zerrendaren azken ebaluazioaz geroztik honako hauei buruz emandako zientzia-iritzi guztiak: bakterioak, legamiak, harizpizko onddoak, oomizetoak eta uztak babesteko erabiltzen diren birusak. Berrikuste-lan horri jarraikiz, Panelak honako hau gomendatzen du:
- Zerrendan mantentzea aldez aurretik gomendatutako unitate taxonomiko guztiak, informazioa eguneratuz eskura dauden zientzia-ebidentzia berrien bidez; bereziki, zenbait unitate taxonomikok antimikrobianoen aurrean duten erresistentziari dagokionez.
- Zerrendan jasotzea Gluconobacter oxydans eta Alphaflexiviridae. Lehenengoz ebaluatu dira.
- Zerrendan ez jasotzea Enterococcus faecium, nahiz eta azken aldiko zientzia-ezagutzak ahalbidetu egiten duen espezie patogenoak andui ez patogenoetatik bereiztea. Hori garrantzitsua da; baina, aintzat hartuta Enterococcusak gizakien artean eragiten dituen infekzioen epidemiologiaren ebaluazioari buruzko azken aldiko informazioa, oraingoz ez jasotzea gomendatu da.
- Zerrendan ez jasotzea harizpizko onddoak, oraingoz dagoen informazioa ez baita nahikoa.