Elikadura-iruzurra: 2017ko kasuei buruzko txostena
Europako Batzordeak argitaratuko txosten honetan laburbildu dira AACk (Administrazio Laguntza eta Kooperazioko Sistema) iaz kudeatutako elikadura-iruzur kasu guztiak.
Argi ikusten da artatutako kasuen kopuruak gora egin duela, ez horrenbeste kasu kopurua areagotu delako, baizik eta estatu kideetako agintaritza eskudunen ohiturak aldatu direlako; izan ere, azken aldian Europako sistema koordinatua erabiltzen ari dira arau-hausteekin eta elikadura-iruzurren susmoekin lotutako jakinarazpenak egiteko.
Jakinarazitako kasuen kopuruari dagokionez:
Osasunarentzat arriskurik ez dakarten bat ez etortzeak
Osasunarentzat arriskurik ez dakarten bat ez etortzeen 597 kasu jakinarazi dira. Kopuru hori iazkoa baino dezente altuagoa da (2016an 87 kasu eta 2017an 597). Horren arrazoia da, hein batean, “Online saltzeko elikagaiei buruzko EBko kontrol koordinatuko lehen programa”-ren esparruan estatu kideei eskatu zitzaiela EBko elikagaien legeria argi eta garbi betetzen ez duten produktuen salmenta-webguneak identifikatzeko.
Elikadura-iruzurraren kasuak
2016ko txostenean, Batzordeak funtsezko lau irizpide zehaztu zituen kasu bat iruzurra edo bat ez etortzea den erabakitzeko.
Bat ez etortzeen kasuetako edozeinek lau irizpide hauek betetzen baditu, elikadura-iruzurra izango da:
1. Legedia
EBko elikagaien eta pentsuen legeria zabalaren barneko lege bat edo gehiago urratzea.
2. Intentzioa
Intentzionalitatea; irizpide hau egiaztatzeko kasualitate hutsez gertatzen diren ez-betetze batzuk frogatzen dituzten ebidentziak erabil daitezke, hala nola kalitate handiko osagai bat kalitate txikiagoko batekin ordezkatzea (kantitate handitan).
3. Irabazia
Irabazi ekonomikoa; alegia, bat ez etortzeak aintzat hartzeko moduko onura ekonomikoren bat ekartzea.
4. Espektatibak
Eta azken irizpidea: kontsumitzailearen espektatibak ez betetzea. Irizpide honetan sartzen dira nolabaiteko engainu guztiak; esaterako, kolorea desberdina izatea eta kontsumitzailea nahasten duten etiketak jartzea (produktuaren kalitateari edo, are gehiago, ezaugarriei buruz). Horrez gain, kasu batzuetan elementu engainagarria arriskutsua izan daiteke osasun publikoarentzat (adibidez, elikagairen bati alergia dioten pertsonen kasuan).
Irizpide horiek ez daude legerian kodifikatuta, baina, oro har, bat datoz estatu kideek elikadura-iruzurrari aurre egiteko asmoz indarrean dituzten arauekin.
Sistemak 178 kasu bildu ditu, baina Europan gertakari gehiago egon dira, ondorengo grafikoan ikus daitekeen moduan:
2017ko adibide esanguratsuak
Txostenean jasota daude 2017an izan diren gertakari esanguratsuenen zenbait adibide:
a) Fipronilaren gertakaria
2017ko udan, elikagaien industriak fipronilaren gertakariaren eragina jaso zuen: fipronila legez kanpo erabili zen eskortako hegaztien abeltegietan, eta hegaztien arrautzak eta haragia kutsatu egin ziren Info +
b) Atun “margotua” eta atun “freskoa”
2016ko udaberrian, arrantza-industriako zenbait ordezkarik Europako Batzordeari jakinarazi zioten iruzurrezko bi jarduera gauzatzen ari zirela atunaren sektorean. Batetik, latako atun gisa saldu beharrekoa atun fresko gisa saltzen ari ziren. Atun freskoa da -18 ºC-ra izozteko eta helmugara iritsi arte horrela mantentzeko gai diren ontzietan arrantzatutakoa; ezin da beste atunik saldu atun fresko gisa. Gatzunetan edukitako atunak (-9 ºC) latan egon behar du.
Bestetik, atunari kolorea aldatu zitzaion gehigarriak erabiliz, legezkoak (landare-estraktuak, gatzak…) eta legez kanpokoak (karbono monoxidoa…). Gehigarri horiek arrainaren itxura aldatzen dute: freskoa ematen du (edo beste mota batekoa) eta garestiago sal daiteke.
DG SANTEk kalkulatu zuenaren arabera, iruzurrezko jokabide horiek urtean 200 milioi euroko irabaziak eman zituzten.
Atun freskoak 12-15 €/kg-ko prezioa izan ohi du, eta latakoak 4-6 €/kg-koa.
c) Erleen argizaria aldatzea
2017an, Europako Batzordeari jakinarazi zitzaion erlezaintzan ezti-abarasketarako oinarri gisa erabiltzen den argizaria nahita aldatu daitekeela parafina eta estearina erabiliz, irabazi ekonomikoak lortzeko.
Besteak beste…