EFSAk elikadura-krisi baten simulakro bat koordinatu du Europan, eta hainbat estatu kidek osasun publikoari ondorioak ekarriko dizkion elikadura-segurtasuneko gertakari bati aurre egin diote, komunikabideen presiopean. Ekimen honetan ikasitako ikasgaiek eta ondorioek balio handia izango dute Europan etorkizunean egon daitezkeen elikadura-krisiei aurre egiteko.

Jarduera ebaluatu ondoren, honako gomendio hauek egin dira:

  1. Jakinarazpen-eredu goiztiar bat helarazteko aukera aintzat hartzea, hasierako adierazpenetan erabiltzeko; mezu gakoak izango ditu. Horrek lagundu egingo luke jakinarazpen-fase goiztiarrean: komunikabideak informatzeko beharra dagoenean, baina jakinarazpen ofiziala eskuragarri ez dagoenean.
  2. Jakinarazpenerako protokolo argiagoak zehazteko premia, elikadura-segurtasuneko eta osasun publikoko alderdien artean gainjartzeen kudeaketa hobetzeko asmoz.
  3. Krisi-egoeretan EFSAren, estatu kideen eta elikadura-segurtasuneko agentzien artean informazioa trukatzeko plataforma bat garatzeko bideragarritasuna aztertzea, aintzat hartuta gardentasuna eta erakunde bakoitzaren konfidentzialtasun-premia orekatu egin behar direla.
  4. Prentsaurreko birtualak egiteko instalazioak egokitzeko aukera aztertzea.

Simulakro honen helburua da Batzordearen, EFSAren, estatu kideen eta nazioarteko agentzien lankidetza probatzea krisi orokortu batean, eta eskuragarri dauden komunikazio-kanalen erabilgarritasuna ebaluatzea (telefonoa, bideokonferentziak, bat-bateko mezuak, mezu elektronikoak…).

Jarduera hori erronka bat izan da zientzialarien, elikadura-segurtasuneko agentzien, osasun publikoaren arduradunen eta arriskuen komunikatzaileen arteko koordinazioa egiteko, eta, aldi berean, gertakari baten kudeaketan horietako bakoitzak dituen eginkizunak eta erantzukizunak argitzeko balio izan du.

Parte-hartzaileek ondo baloratu dute simulakro hori egin izana eta gomendioak eskaini dituzte etorkizunean egin daitezkeen tailerretarako eta jardueretarako, hala nola: kasu praktikoetan aldez aurretik informazio gehiago ematea, akatsak aztertzen denbora gehiago igarotzea, komunikabideen eta ekarpen politikoen maila areagotzea, edo medikuak gehiago inplikatzea.

Jarduera hau egin ostean, amaitu egin da EFSAk 2012an proposatutako krisien aurrean prestatzeko trebakuntza-estrategia. Hain zuzen, estrategia horren baitan beste hiru tailer ere egin dira: "Arriskuen ebaluazio azkarra", "Datu-bilketa" eta "Berehalako erantzuna emateko lankidetza eraginkorra".

Krisi-simulakroaren txostena (EFSA, 2015)

"Berehalako erantzuna emateko lankidetza eraginkorra" tailerra (EFSA, 2014)

"Datu-bilketa" tailerra (EFSA, 2013)

"Arriskuen ebaluazio azkarra" tailerra (EFSA, 2012)