FAOk txosten bat argitaratu du pentsamendu estrategikoak eta ekintzak inspiratzeko, eta era horretan nekazaritzako elikagaien sistemak eraldatzeko eta etorkizun jasangarri, erresiliente eta inklusibo bat sortzeko. Txosten hori 2022-2030 FAOren esparru estrategikoa elikatu duen prospektiba estrategiko korporatiboaren ariketa integrala da.

Txostenak nekazaritzako elikagaien sistemen bultzatzaileak ikertzen ditu, eta aztertzen du horren joerek nola eragin dezaketen nekazaritzako elikagai, ingurumen, eta gizarte eta ekonomiako sistema alternatiboetan. Txostenaren ondorio nagusia da nekazaritzako elikagaien sistemak sustatzea posible dela jasangarritasun- eta erresilientzia-eredu baten bidez, betiere eraldaketaren funtsezko eragileak behar bezala aktibatzen badira. Nolanahi ere, horiek aktibatu ahal izateko, sortutako interesak, ezkutuko agendak eta gatazkatsuak izan daitezkeen helburuak saihestu beharko dituzte estrategia politikoek. Horrez gain, epe laburrean eutsiezinak diren lorpenak konpentsatu beharko dituzte, epe luzean jasangarritasuna, erresilientzia eta inklusioa lortu ahal izateko.

Nekazaritzako elikagaien sistemen bultzatzaileak

Beharrezko eraldaketa-prozesuak sortu ahal izateko, jarraian adierazten diren nekazaritzako elikagaien sistemen bultzatzaileak aztertu behar dira, bai eta beren artean nola lotzen diren ere, patroiak orekatu eta aldatu ahal izateko:

 

A.- Bultzatzaile orokorrak

  • Dinamika demografiko eta urbanistikoa.
  • Hazkunde ekonomikoa, egiturazko eraldaketa eta oreka makroekonomikoa.
  • Herrialdeen arteko elkarrekiko menpekotasuna.
  • Big Data: sorrera, kontrola, erabilera eta jabetza.
  • Ezegonkortasun politikoa eta gatazken eragina areagotzea.
  • Erronkak eta zalantzak.

B. Elikagaien irisgarritasunari eta iraupen‑bitartekoei eragiten dioten bultzatzaileak.

  • Landako eta hiriko pobrezia.
  • Desparekotasunak.
  • Elikagaien prezioa.

C. Ekoizpen-prozesuari eta elikagaien banaketari eragiten dioten bultzatzaileak.

  • Berrikuntza eta zientzia.
  • Inbertsio publikoak nekazaritzako elikagaien sistemetan.
  • Kapitalaren intentsitatea eta produkzioari buruzko informazioa.
  • Intsumo eta elikagaien merkatuaren kontzentrazioa.

D. Ingurumen-sistemei lotutako bultzatzaileak.

  • Kontsumo‑ eta nutrizio‑patroiak.
  • Natur baliabideen urritasuna eta degradazioa.
  • Epidemiak eta ekosistemen degradazioa.
  • Klima-aldaketa.
  • Ekonomia ozeaniko jasangarriak.

Nekazaritzako elikagaien sistemen etorkizunerako agertoki alternatiboak

Txostenean lau agertoki aztertu eta esploratu dira, bai eta horiek nekazaritzako elikagaien sistemen etorkizunean izan dezaketen eragina ere:

  1. Betikoa: Gertaera eta krisien ondoriozko eraginak saihestea; aldi berean, kolapso sistemikoak ekiditeko oinarrizkoena baino ez zen egiten, eta, ondorioz, nekazaritzako elikagaien sistemaren jasangarritasuna degradatu eta pertsona kopuru handi baten bizi‑baldintzak kaltetzea eragin zuen. Horrek guztiak epe luzean akats sistemikoen probabilitatea areagotzea dakar.
  2. Etorkizun estua: 2030 Agendaren helburuak lortzen saiatzeko eta nekazaritzako elikagaien sistema jasangarriagoak lortzeko neurri batzuk hartu ziren, eta hobekuntzak egon ziren ongizateari dagokionez. Hala ere, jasangarritasun orokor ezagatik eta erresilientzia sistemikoagatik, epe luzean mantentzea eragotzi zuen.
  3. Ibilbide luzea: Sozioekonomia, ingurumen eta nekazaritzako elikagaien sistemen parte handi bat kolapsatu ostean, gaizki sustatutako erabakiak hartu ziren, eta horrek guztiak munduaren bertsiorik okerrena ekarri zuen. Ondorioak oso garestiak ziren eta ia itzulezinak jende eta ekosistema kopuru handi baterako.
  4. Konpentsazioa jasangarritasunaren truke: Sentsibilizazioak, hezkuntzak, giza konpromisoak, arduraren zentzuak eta parte‑hartzeak botere‑harreman berriak ekarri zituen, eta herrialde gehienen garapenaren paradigma aldatu zuten. BPGaren areagotzea konpentsatu egin zen nekazaritzako elikagai, gizarte eta ekonomia, eta ingurumenaren sistemen inklusioa, erresilientzia eta jasangarritasunarekin.

Estrategia politikoaren erronkak eta aukerak

Politika estrategikoen aukerak erakusteko, lau abiadura‑palanka identifikatu ziren 2030 Agenda lortzeko faktore bultzatzaileak ustiatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko, bai eta nekazaritzako elikagaien sistemak jasangarritasun‑ eta erresilientzia‑patroietan zehar mugitzeko ere:

  • Instituzioak eta gobernantza.
  • Kontsumitzaileak sentsibilizatzea.
  • Diru‑sarreren eta aberastasunaren banaketa.
  • Berrikuntzaren teknologiak eta ikuspegiak.

 

Prospektiba estrategiko korporatiboko txosten honek ikuspegi ezberdinetarako estrategikoki prestatzera behartzen gaitu, estrategiarik ezkorrenak ere kontuan hartuz. Eraldaketa-prozesuek konpromisoa, jarraitutasuna eta iraunkortasuna eskatuko dute epe luzean, bai eta txosten honetan adierazi diren abantaila eta desabantailei ekitea ere. Merezi du horiek guztiak sakonki aztertzea ikuspegi holistiko batetik testuinguru baten barne dauden ekintzak orientatzeko.

 

Txosten honekin amaitzeko, nekazaritzako elikagaien sistemen eraldaketa lortzeko funtsezko mezuak jasotzen dira, eta, besteak beste, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Mundu-mailako gobernantza behar da mundu osoan dauden arazoetarako.
  • Herrialde guztiek, aberatsenetatik hasita, oinarrizko aldaketak ezartzeko eta kostuak bere gain hartzeko konpromisoa hartu behar dute.
  • Mentalitate aldaketa behar da; izan ere, “betiko” eszenatokiak itzulerarik gabeko puntu batera eramango du mundua.
  • Nekazaritzako elikagaien sektoreak funtsezkoak diren arren, dagoeneko ez dira nahikoak garapen jasangarria eta elikagaietarako bidezko irisgarritasuna bermatzeko.
  • COVID-19aren pandemiak eta sortu diren gatazka berriek agerian uzten dituzte nekazaritzako elikagaien sistemen ahuleziak, baina ikasitako guztiak aldaketa positiboak ekar ditzake.
  • Berrikuntza teknologikoak soluzioaren parte dira, betiere teknologia eta ikuspuntu berri horiek herrialde zaurgarrietan ere irisgarriak badira.
  • Datu digitalen kopuru handiak eta inoiz ez bezalako gaitasun analitikoak nekazaritzako elikagaien sistemaren eraldaketa ekar dezakete, nahiz eta ez dauden balizko arriskuetatik libre.
  • Jasangarritasunerako trantsizioan gerta liteke elikagaien prezioak gora egitea. Nolanahi ere, ingurumen-jasangarritasuna eta elikagaien segurtasuna elkarrekin joan daitezke diru‑sarreren eta aberastasunaren banaketa ekitatiboagoa bilatzen bada.
  • Produkzio hobea lortzeko kontsumo hobea, kritikoagoa eta informazio gehiago beharko da; hala ere, ezingo da ekidin gehiago produzitu behar izatea gutxiagorekin.
  • Eraldaketaren funtsezko eta lehentasunezko sustatzaileak eskuragarri daude, eta horiek aktibatzeko estrategia politikoak daude.