Ikerketa-zentroetako, administrazioetako eta elikagaien industriako langile zientifikoek osatutako FAO/OMEko Adituen Batzorde bat lehen aldiz bildu zen Codexeko lehentasunezko alergenoen zerrenda berrikusteko eta baliozkotzeko.

Elikagai alergenoen zerrenda

Aipatutako Adituen Batzordeak egiaztatu zuen elikagai‑alergenoen zerrendan hipersentikortasun immunologikoa (IgE bidezko elikaduragatiko alergia edo gaixotasun zeliakoa, besteak beste) sortzen duten elikagaiak edo osagaiak gehitu behar direla.

Hortaz, laktosa, sulfito eta elikagai‑gehigarriak, besteak beste, ez dira zerrendan sartuko; izan ere, ez dute immunitate‑sistemaren kontrako efektu larririk sortzen.

Funtsezko irizpideak

Lehentasunezko alergenoen zerrenda zehazteko funtsezko irizpideak honako hauek dira:

  • Prebalentzia; hau da, immunitate‑sistemak elikagai espezifiko batekiko duen hipersentikortasuna.
  • Larritasuna; hau da, elikagai/osagai batekiko erreakzio objektibo larrien maiztasuna edo proportzioa.
  • Elikagaiaren/osagaiaren potentzialtasuna; adibidez, proportzio zehatz batean sintoma objektiboak eragiteko behar den elikagaiaren/osagaiaren proteina kantitate osoa.

Lehentasunezko alergenoak

3 irizpideak aztertu ondoren, Batzordeak gomendatu zuen honako elikagai/osagai hauek lehentasunezko alergeno gisa gehitzea:

  1. Glutena duten zerealak (adibidez, garia eta beste Triticum espezie batzuk; zekalea eta beste Secale espezie batzuk; garagarra eta beste Hordeum espezie batzuk eta andui hibridoak).
  2. Krustazeoak.
  3. Arrautzak.
  4. Arraina.
  5. Esnea.
  6. Kakahueteak.
  7. Sesamoa.
  8. Fruitu lehor zehatzak (arbendola, anakardoa, hurra, pekana, pistatxoa eta intxaurra).

Beste elikagai batzuk

  • Artobeltza, apioa, lupinoa, ziapea eta fruitu lehor batzuk (Brasilgo intxaurra, makadamia eta pinaziak) ez dira lehentasunezko alergeno gisa agertu behar mundu osoan, prebalentzia, larritasun eta/edo potentzialtasunari buruzko daturik ez dagoelako, edo elikagai batzuetan kontsumoa eskualde-mailakoa delako. Hala ere, banakako herrialdeen lehentasunezko alergenoen zerrendan sartzea kontuan hartu daiteke.
  • Soja ez zen mundu-mailako lehentasunezko alergenoen zerrendan sartu; izan ere, mundu-mailako prebalentzia, alergia‑potentzialtasuna eta alergia‑larritasuna txikiak dira. Hala ere, banakako herrialdeen lehentasunezko alergenoen zerrendan sartzea kontuan hartu daiteke.
  • Lekaleen, intsektuen eta proteina alternatiboen iturri gisa hartzen diren beste elikagai batzuen kasuan, zaintza-zerrendan sartzea gomendatu da; izan ere, egungo elikadura‑joeretan elikagai horien kontsumoa handitu egin da. Alergeno horiek prebalentziari, larritasunari eta potentzialtasunari buruzko datuak daudenean ebaluatuko dira.

Azkenik, Adituen Batzordeak gomendatu zuen immunitate‑sistemaren bidez hipersentikortasuna sortzen duten elikagai-alergenoen lehentasunezko zerrendako elikagaiak eta osagaiak kasuz kasu ebaluatzea, osagai‑zerrendetan eta/edo elikagaien etiketan jartzeko.