ACSAk Mikotoxinen Dieta Osoaren Azterlanaren kapitulu berri bat argitaratu du. 2008-2009an egin zen eta elikagai berezietan (glutenik gabeko elikagaiak eta inportatutakoak, nagusiki herritar zeliakoek eta etorkinek kontsumitzen dituztenak, hurrenez hurren) aflatoxinek (AFS), deoxinibalenolak (DON), fumonisinek (FBak) eta zearalenonak (ZEA) duten presentziari dagokio.

Alde batetik, glutenik gabeko elikagaiek (nagusiki, arto- edo arroz-irinez eginikoak) FBekin eta DONekin kutsatutako laginen ehuneko txikia aurkeztu zuten (18tik 6 eta 18tik 2, hurrenez hurren). Hori dela eta, ez zen beharrezkotzat jo esposizioaren ebaluazioa egitea.

Beste alde batetik, inportatutako elikagaietan espezializatutako dendetako elikagaietan FB1 eta FB2 mikotoxinak izan ziren atzemandako garrantzitsuenak (% 40 eta % 51 arteko kutsadura-ehunekoa). Nagusiki, artoz eginiko elikagaietan atzeman ziren. DONa kus-kusean eta inportatutako beste elikagai batzuetan aurkitu zen. Aitzitik, AFSak eta ZEA inportatutako 6 elikagaitan besterik ez ziren aurkitu.

Inportatutako elikagaiei dagokienez, kus-kusetik eta arto-irinetik eratorritako mikotoxina bakoitzaren esposizioa egin zen, aintzat hartuta esposizioan eragina izan dezaketen beste elikagai ez zehatz batzuk. Bada, kasu orotan, baloreak mikotoxina bakoitzaren segurtasun-baloreen azpitik agertu ziren.

Horregatik guztiagatik, ACSAk ondorioztatu du elikagai berezi horiek ez dutela zertan kezkarik eragin kontsumitzaileen osasunari dagokionez.

EDT ACSA: mikotoxinak elikagai berezietan