Eusko Jaurlaritzaren Bizkaiko Osasun Publikorako Zuzendariordetzak argitaratutako Zainketa Epidemiologikoaren Memorian labur azaltzen dira Bizkaian 2017an jakinarazitako gaixotasun nagusien inguruko datuak. Hona hemen aipagarrienak:

Elikagai-jatorriko toxiinfekzioak

Campylobacter-a izan zen gastroenteritisaren kausa nagusia: 809 isolamendu jakinarazi zitzaizkion Informazio Mikrobiologikoaren Sistemari, eta horien artetik 23 zazpi etxebizitza-klusterretan multzokatuta zeuden.

17 listeria-isolamendu jakinarazi ziren (tasa: 1,49/100.000). Bi kasutan, listeria aurkitu zen etxean edo saltokian bildutako elikagaietan.

Elikagai bidezko toxiinfekzioen agerraldiak

2017an, elikagai bidezko toxiinfekzioen hogeita sei agerraldi ikertu ziren, 2016an baino zazpi gehiago, eta gutxienez 511 pertsonari erasan zieten.

Non gertatu ziren agerraldiak?

Agerraldi gehienak (hamar) zaharren egoitzetan edo tutoretzapeko etxebizitzetan gertatu ziren, eta, ondoren, etxe partikularretan (zazpi), ostalaritza-establezimenduetan (bost) eta ikastetxeetan (bi).

Zein agentek eragin zituzten?

Hogei agerralditan zehaztu ahal izan zen agente eragilea (agerraldien % 77an):

  • Norovirus 6
  • S. typhimurium 5
  • S. enteritidis 3
  • S. agona, S. paratyphi B, S. bredeney, S. infantis, B. cereus, eta histamina 6ren maila altuak

Azken hamar urteetan, eta bereziki bi urte hauetan, nabarmen egin dute gora salmonellaren isolamenduek.

Zein elikagai egon ziren inplikatuta?

Transmisio-elikagai ohikoena arrautza izan zen: S. enteritidis-en ondoriozko hiru agerraldi eta S. typhimurium-en ondorezko bi eragin zituen.

Alerten sarea

Elikagai-alerten sareak bi agerraldiren berri eman zuen. Lehenengoa, hain zuzen, atuna jatearen ondoriozko histaminosiari buruzko alerta bat izan zen; zenbait autonomia-erkidegotan hedatu zen, eta, Bizkaian, familia bereko bi pertsonari erasan zien.

Beste alerta, berriz, Frantziak jakinarazi zuen; S. agona-rekin eta Lactalis Nutrición Iberia SLU enpresaren Damira markako haurrentzako esnearen kontsumoarekin lotuta zegoen, eta Bizkaiko bularreko bi haurri eragin zien.

Elikagai bidezkoak ez diren zoonosiei buruzko beste datu interesgarri batzuk

Q sukarraren 52 kasu jakinarazi ziren (tasa: 4,56/100.000). Hiru agerraldi ikertu ziren: agerraldietako bi ganadu-ustiategiekin lotuta zeuden, eta hirugarrena, berriz, animaliak garraiatzen zituen mezularitza-enpresa batekin.