EFSAk nanoteknologiaren arriskua eta nanoteknologia elikakatean erabiltzearen arriskua ebaluatzeko gida bat egin du, eta agerian jarri ditu giza osasunean eta animalien osasunean izan ditzakeen ondorioak.

Gidan, EFSAk gai horri buruz 2011n argitaratu zuen azken lanetik egin diren ikerketa-aurrerapen guztiak jasotzen dira. Halaber, kontuan hartu dira zientzia-azterlan berriak ere, informazio gehiago ematen baitute nanomaterialen propietate fisikokimikoei, esposizioaren ebaluazioari eta arriskuaren karakterizazioari buruz.

Gidan jasotzen dira, horrez gain, nanokapsulatzearekin eta nanomaterialekin lotutako etorkizuneko garapenak, eta garapen horiek elikagai berrietan, elikagai edo pentsuetarako gehigarrietan, biozidetan, pestizidetan eta elikagaiekin kontaktuan dauden materialetan aplikatzeko moduak.

Era berean, fluxu-diagrama bat dakar, zeina NanoDefine proiektuari esker egin baita, Europako Batzordeak gomendaturiko definizioaren arabera material bat nanomateriala den ala ez zehazteko.

Gainera, proba toxikologikoetarako esparru mailakatu bat deskribatzen du, hainbat alderdi kontuan hartuz: in vitro degradazioa, toxikozinetika, genotoxikotasuna eta proba toxikologikoekin lotutako beste zenbait gai.

Azkenik, gidak zehazten du nola egin behar diren karakterizazio fisikokimikoarekin lotutako ziurgabetasunen analisia, esposizioaren ebaluazioa eta materialon arriskuaren identifikazioa eta karakterizazioa.

Gidaren bigarren zatian, ingurumen-arriskuaren ebaluazioarekin zerikusia duten alderdiak jorratuko dira.