EFSAk aztertu du gizakiei eta animaliei zer-nolako arriskua eragin diezaiekeen elikagai eta pentsuetan egon ohi den mikotoxina moniliforminak.

Elikagai eta pentsuetako presentzia

Moniliformina (MON) pisu molekular txikiko mikotoxina bat da, batik bat Fusarium generoko onddoek sortzen dutena. Nagusiki, giza kontsumorako edo animalien elikadurarako erabiltzen diren zereal-aleetan egon ohi da, hala artoan, garian, oloan eta garagarrean nola produktu eratorrietan. Gainera, zenbait produktutan beste mikotoxina batzuekin batera aurkitu da; bereziki, trikotezenoekin, enniatinekin, beauberizinarekin eta zearalenonarekin batera.

EFSAk MONen 3.205, 806 eta 504 emaitza analitiko atera ditu elikagaietarako, pentsuetarako eta prozesatu gabeko aleetarako, hurrenez hurren, eta guztiek betetzen dituzte EFSAk ezarritako mugak. MONen batez besteko kontzentrazio handienak elikagai-kategoria hauetan aurkitu dira: “Giza kontsumorako aleak”, “Zizka-mizkak”, “Gosaritarako zerealak”. Animalien elikadurari dagokionez, “Zereal-aleak” kategorian aurkitu dira kontzentrazio handienak, eta prozesatu gabeko aleen kasuan, azkenik, “Labore-aleak” kategorian.

Toxikotasuna

Ez dago mikotoxina honen toxikotasunari buruzko informazio askorik. Jakina denez, hematotoxikotasuna eta kardiotoxikotasuna dira pertsona eta animalien osasunean eragin ditzakeen ondorio kaltegarri nagusiak, eta asaldura kromosomikoak eragiten ditu in vitro, baina ez da aurkitu in vivo genotoxikotasuna eragiten duela eta kartzinogenizitatea sortzen duela adierazten duen daturik.

Giza osasuna

EFSAren CONTAM panelak ezin izan zuen finkatu MONen elikagai bidezko ingestaren gutxi gorabeherako baliorik, toxikotasunari buruzko datu gutxi dagoelako. Dena dela, esposizio-marjinak (MOE) ezarri ahal izan zituen.

Kardiotoxikotasunari dagokionez, eguneko gorputz-pisuaren kiloko 6,0 miligramoko MOEa ezarri zuen, eta arrisku hematologikoei dagokienez, berriz, eguneko gorputz-pisuaren kiloko 0,20 miligramokoa. MOE horiek giza osasunerako arrisku txikia dagoela erakusten dute, baina zalantza handia sortzen dute hala ere.

Animalien osasuna

Eskortako hegaztiekin, txerriekin eta bisoiekin lotutako toxikotasun-datuek erakutsi zutenez, MON pentsu bidez kontsumitzeak arrisku txikia edota hutsala eragiten die animalia-espezie horiei, gaur egungo elikadura-praktiken arabera.

Bestalde, EFSAk adierazi zuen gainerako espezieek txerrienen antzeko sentikortasuna edo txikiagoa dutela, eta ondorioztatu zuen arrisku txikia edo hutsala dagoela, arriskua karakterizatzeko toxikotasun-datu egokirik ez dagoelako.

Zalantzak

Panelak ondorioztatu duenez, MONaren toxikotasunari buruzko ikerlan gehiago egin behar dira, eta mikotoxina horrek elikagai eta pentsuetan duen presentziari buruzko datu gehiago bildu, giza osasunari zenbateko arriskua ekar diezaiokeen sakon aztertu ahal izateko.