Elikagai osasungarriak ikastetxeetan – Europako Batzordea, 2017
Europako Batzordeak eta Maltako Presidentetzak txosten bat argitaratu dute, eta bertan hainbat jarraibide ematen dira ikastetxeetako menuak osasungarriagoak izan daitezen, Europan hedatzen ari den haurren obesitatea geldiarazten saiatzeko. Txosten horrek 2014-2020 urteetarako Haurren Obesitateari buruzko Ekintza Plana eta Nutrizioari eta Jarduera Fisikoari buruzko Maila Altuko Taldea (GAN) babesten ditu.
Dokumentu horren bitartez, elikadura-arauak kontratazio publikoetarako hizkuntzan ematen dira, hor baitago eskoletan elikagai osasungarriak lortzeko oztopo nagusietako bat:elikagaiei eta horri loturik kontratatuko diren zerbitzuei buruzko zehaztapenak egiteko gomendioak ematen dira eta politika nazionalen zein eskualdeko politiken hainbat adibide zerrendatzen dira, elikagai talde gakoetarako: fruta eta barazkiak, haragia, arraina, esnekiak eta abar. Halaber, elikagaiak prestatzeari eta catering zerbitzuei buruzko zehaztapenak ere ageri dira.
Dokumentuak legedia, babes-gidak eta Europa osoko eskualdeko zein nazio-mailako esperientzia praktikoak biltzen ditu; hala, kide den estatu bakoitzak bere testuinguruaren, kulturaren, ohituren, merkatu-egituraren eta testuinguru juridikoaren arabera erabili eta egokitu ahal izango du agiria.
Txostenak dio politika horiek aplikatuz gero honako onura hauek jasoko direla:
- Ikastetxeetako elikadura-zerbitzuaren kalitatea hobetzea.
- Elikagai hazkurritsu eta seguru gehiago eskuratu ahal izatea.
- Elikagaien segurtasuna hobetzea.
- Osasunaren alorreko desberdinerkia murriztea.
- Haurren elikadura-ohiturak hobetzea.
- Haurren obesitate eta gehiegizko pisuaren intzidentzia murriztea.
- Antsietatea murriztea eta eskolako errendimendua hobetzea.
- Ikastetxeetan osasunaren garrantzia sendotzea.
Batzordearen asmoa da txosten hori tresna praktikoa izatea herrialde guztiei ikastetxeetan elikagai osasungarriak eskaintzen laguntzeko, batez ere kontratazio publikoaren arloko erakunde eskudunei dagokienez.
Txostenaren ardatz nagusia ikastetxeak dira; alabaina, bertan ageri diren gomendioak baliagarriak dira beste jantoki kolektibo batzuetarako ere: lantokiak, adineko pertsonen egoitzak, ospitaleak eta abar.