Elikagaiak izozteari eta alferrik galtzeari buruzko azterlana – FSA 2016
FSAk elikagaiak izozteari buruzko inkesta bat egin die Britainia Handiko 1.500 kontsumitzaileri, eta ondorio hauxe atera du: jaki gehienak alferrik galtzea saihestu dezakegu, baldin eta izozte-prozesua hobeto erabiltzen badugu.
Hauek dira azterlanaren emaitza aipagarrienak:
- Inkesta egin duten kontsumitzaileen % 43k uste dute elikagaiak erositako egunean baino ezin direla izoztu haien segurtasuna guztiz bermatzeko, eta % 36k pentsatzen dute elikagaiek segurtasuna galtzen dutela izozkailuan, baina hori ez da egia.
- Inkesta bete dutenen % 68k zaborretara bota izan dituzte ogia (% 36), frutak (% 31), barazkiak (% 31) eta janari-hondarrak (% 22). Janaria botatzeko arrazoi nagusia (% 36) “iraungitze-data” gainditzea da; bestalde, % 30ek adierazi dute jaki gehiegi erosi izan dutela eta ezin izan dutela dena kontsumitu; eta erdiak baino gehiago (% 54), berriz, errudun sentitzen dira elikagaiak botatzen dituztenean.
- Kontsumitzaileen % 90ek diote badaudela sekula izoztuko ez lituzketen elikagaiak.
- % 38ren ustetan, arriskutsua da haragia kozinatu ondoren berriz izoztea (ez da egia); ia laurdenek (% 23), berriz, inoiz ez lukete kozinatu ondoren izoztuko haragia; eta % 73k azaldu dute elikadura-intoxikazioak sortu ahal izateak kezkatzen dituela eta horregatik ez dutela haragia izozten.
- Azkenik, inkesta egin dutenen % 31k uste dute elikagai gutxiago xahutuko lituzketela elikagaiak segurtasunez izozteari buruzko informazio gehiago izango balute.
Inkesta horren emaitzak kontuan harturik, FSAk, DEFRArekin elkarlanean, iraungitze-datari eta kontsumo lehenetsiari buruzko janari-industrien gidaliburua berrikusi eta handituko du, jakiak etxean gordetzeari eta izozteari buruzko aholkuetan oinarrituta. Horrela, Britainia Handiko kontsumitzaileek elikagai gutxiago xahutuko dituzte modu seguruan, eta hobeto erabiliko dute izozte-prozesua.
Britainia Handiko Elikagai Segurtasunaren Agentziaren arabera, izozkailua geldialdi-botoi baten tankerakoa da: hau da, iraungitze-datara arte izotz daitezke elikagaiak. Izozkailuan, elikagai-segurtasunari ondo eusten zaio, baina kalitatea, ordea, eskastuz joaten da denborarekin; horrenbestez, elikagaiak hiru eta sei hilabete artean izoztea gomendatzen da, eta ontziaren etiketan datozen izozte-jarraibideak betetzea. Jakiak desizozten direnean, geldialdi-botoia desaktibatu egiten da; beraz, guztiz desizoztu ondorengo 24 orduen barruan kontsumituko den kopuruan desizoztu behar da janaria.
FSAren azterlana: elikagaiak izoztea eta alferrik galtzea