Legedi orokorraz gain, Europar Batasunak (EB) baditu neurri espezifikoak elikagaiekin kontaktuan dauden material (EKM) batzuei begira, besteak beste, material plastikoak (baita birziklatuak ere), zeramikak, birsortutako zelulosazko filmak, material aktiboak eta adimendunak eta beste substantzia batzuk (adibidez, A bisfenola, epoxi-eratorriak eta nitrosaminak). Hala ere, modu bateratuan berariaz araututa ez dauden material eta substantzia ugari daude, eta, kasu horietan, arriskuaren ebaluazioa banan-banan egin behar da.

Alde horretatik, arrisku-kudeatzaileen lana errazteko, Alemaniako Arriskuen Ebaluaziorako Institutu Federalak (BfR) sustatutako “BfR Recommendations on Food Contact Materials” tresna dago. Tresna horrek informazioa ematen du legedi espezifikorik ez duten material horiei buruz. Kasu askotan, irizpenak beste estatu kide batzuek onartzen dituzte, elkarrenganako aintzatespenaren printzipioarekin bat.

Nahiz eta datu-base horrek ez duen balio juridikorik Europa mailan, EKM arloko datu berrienak jasotzen ditu.

Tresna horretan topa ditzakegun materialen ebaluazioak Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) honako dokumentu honetan adierazitako baldintzen arabera egiten dira: “Note for Guidance For the Preparation of an Application for the Safety Assessment of a Substance to be used in Plastic Food Contact Materials”, eta produktua merkaturatzen duten enpresen informazio gehigarria du.

Inprimaketa-tintak

Inprimaketa-tintak nahasketa kimiko konplexuak dira, eta, besteak beste, pigmentuak, disolbatzaileak, monomeroak eta fotohastarazleak izan ditzakete. Batez ere elikagaiekin kontaktuan ez dauden gainazaletan daude, baina elikagaira iris daitezke migrazioaren bidez, hedatze, partizio edo set-off fenomenoen bitartez.

Nahasketa kimiko horiek Europako hainbat araudi bete behar dituzte biltzeko material baten amaierako osagai gisa, baina ez dago berariazko araudirik EKM arloko inprimaketa-tintentzat.

Europan ez dagoenez EKM arloko inprimaketa-tintei buruzko araudirik, agintaritzen ebaluazioak eta legedi nazionalak erabiltzen dira tinten segurtasuna frogatzeko, Europako araudiarekin bat. Beraz, “BfR Recommendations on Food Contact Materials” datu-basea erreferentzia-tresna bikaina da arrisku-kudeatzaile nazionalentzat.