EFSAk argitaratu berri du txosten bat, non Suediako Elikagai Segurtasunerako Agentziak (NFA) elikagaietako arrisku kimiko eta mikrobiologikoak sailkatzeko prestatu duen tresna deskribatzen baita. Tresna hori erabilgarria da arriskuak lehenesteko eta kudeatzaileei erabakiak hartzen laguntzeko, eta, halaber, bide ematen du interes-talde guztiak arriskuak analizatzeko prozesuan elkarrekin ondo komunika daitezen.

Arrisku kimikoak eta mikrobiologikoak ebaluatzeko, askotariko ikuspegiak erabili izan dira, eta horrek zaildu egiten du arriskuen sailkapen bateratu bat egitea. Arriskuak lehenesteko plataforma bateratu bat osatzeko aukera aztertzeko helburuz, ikerketa honetan jaso dira arrisku mikrobiologikoen eta kimikoen ebaluazioaren artean faktore hauei dagokienez dauden aldeak eta antzekotasunak:

  • Arrisku akutuak vs kronikoak
  • Esposizioaren ebaluazioa
  • Atalasea vs atalaserik ez
  • Arriskuaren ebaluazioa vs segurtasunaren ebaluazioa
  • Aldakortasuna eta ziurgabetasunak
  • Esposizio-iturriak

Bestalde, agentziak elikagaietan dauden 40 kutsatzaile eta 25 substantzia kimiko baino gehiago sailkatu ditu berriki garatutako “arrisku-termometroa” delako tresna erabiliz, bi irizpide hauek oinarri hartuta:

  1. Erreferentziazko balioaren eta esposizio estimatuaren arteko esposizio-marjina (HBGV)
  2. Osasunerako ondorio kritikoen larritasuna (SAMOE)

Emaitzek erakusten dute rankinga era batekoa edo bestekoa izan daitekeela, zein irizpide erabiltzen den. Hala, irizpideetako lehena aintzat hartuz gero, metal astunek dute ratiorik handiena (batik bat nikelak eta kadmioak). Ordea, ondorio kritikoen larritasunari erreparatzen badiogu, akrilamidak du ratio handiagoa, substantzia genotoxikoa delako.