Elikagaien arrisku kimikoen ebaluazioak
Elikagai Gehigarrien FAO/OME Batzorde Mistoak (JEFCA) zenbait ebaluazio zorrotz egin ditu elikagaietan egon daitezkeen substantzia kimiko batzuen segurtasuna eta osasun publikoarentzat izan ditzaketen arriskuak aztertzeko. Zehazki, substantzia hauek aztertu ditu:
- Mikotoxinak: aflatoxinak, fumonisinak eta fumonisinen eta aflatoxinen baterako esposizioa, eta esterigmatozistina.
- Prozesuko kontaminatzaileak: glizidola eta ester glizidikoak, eta 3-MCPD eta 3-MCPD esterrak.
Jarraian bildu ditugu Batzordeak ebaluatutako substantzia bakoitzarentzat ateratako ondorio nagusiak:
Aflatoxinak
- Aflatoxinak dira elikagaietan dauden substantzia kimikoen artean ahalmen mutageniko eta kartzinogeno handiena dutenak.
- Aflatoxinen iturri nagusiak bost zereal hauek dira: artoa, kakahuetea, arroza, basartoa eta garia. Hain zuzen, horietako bakoitzak nazioarteko esposizio dietetikoaren balioespenari egiten dion ekarpena % 10 baino gehiagokoa da.
- Arrozean eta garian dauden aflatoxinen kopuru orokorrak baxuagoak dira artoan eta kakahuetean daudenak baino. Hala ere, arroz eta gari asko jaten da herrialde batzuetan, eta beraz, substantzia horiekiko esposizioa % 80koa izatera irits daiteke.
- Kontsumitzeko prest dauden kakahueteentzako gehieneko muga 15 μg/kg-tik jaisteak (10, 8 edo 4 μg/kg-ra) eragin txikia izango luke biztanleria orokorraren esposizioan, eta oraingo mugarekin baztertzen diren kakahueteen bikoitza baztertu beharko litzateke.
Fumonisinak
- Fumonisinak askotariko ondorio toxikoekin lotzen dira, eta gibela eta giltzurrunak dira kalte handiena jaso dezaketen organoak.
- B1 fumonisinentzako eta fumonisina orokorrentzako nazioarteko esposizioaren balioespenak 2011koak baino baxuagoak izan ziren. Uste da beherakada horren arrazoiak askotarikoak izan daitezkeela; besteak beste: hainbat zerealetako fumonisina konbinatuen kontzentrazioaren datuak mugatzea, zerealen prozesaketak duen eragina eta kontsumoaren ondorengo bioerabilgarritasuna.
Fumonisinen eta aflatoxinen baterako esposizioa
- Laborategiko animaliekin frogatu da fumonisinen eta aflatoxinen baterako esposizioak efektu gehigarri edo sinergikoa duela neoplasia aurreko lesioen edo kartzinoma hepatozelularren garapenean. Alabaina, gaur-gaurkoz ez dago gizakietan halako efekturik duela esateko moduko daturik.
Esterigmatozistina
- Esterigmatozistinak eta B1 aflatoxinak organo berari eragiten diote nagusiki: gibelari. Animalietan kartzinogenizitateari buruz bildu diren datu konparatiboak oso mugatuak dira, baina adierazten dute esterigmatozistinaren toxikotasun potentziala baxuagoa dela B1 aflatoxinarena baino.
- Oraingoz elikagaietako kontzentrazioari buruzko datu gutxi daude; hortaz, ezin da esposizio dietetikoari buruzko balioespen egokirik egin.
Glizidola eta ester glizidikoak
- Glizidola konposatu genotoxikoa eta kartzinogenoa da.
- Esposizio dietetiko nazionalak balioespen fidagarritzat hartzen dira; izan ere, elikagai gako jakin batzuetan oinarritzen dira, eta badakigu elikagai horiek glizidol eduki altuak dituztela. Elikagai horiek dira, besteak beste, gantzak eta olioak.
- Zalantza asko sortzen dira eskualde desberdinetan sortzen diren elikagai beretan dauden ester glizidikoen mailak alderatzean, ez baitira behar beste analisi konparatibo egin laborategien artean.
3-MCPD eta 3-MCPD esterrak
- Esperimentaziorako karraskariekin egin diren proben arabera, 3-MCPDak eta 3-MCPD esterrek giltzurrunei eta gizonen ugalketa-organoei eragiten diete nagusiki. Dena den, 3-MCPDa kartzinogenoa da arratoientzat, baina ez saguentzat. Eta ez da in vivo ahalmen genotoxikorik frogatu 3-MCPDarentzat.
- Ester glizidikoekin gertatzen den bezala, zalantza asko sortzen dira eskualde desberdinetan sortutako elikagai beretan dauden 3-MCPD esterren kontzentrazioak alderatzean, ez direlako behar beste analisi konparatibo egin laborategien artean.