Hauek dira ISCIIIren azken txosteneko emaitzetako batzuk. Bertan, Informazio Mikrobiologikoko Sistemari (SIM) 2011n zehar jakinarazitako ETGei eta zoonosiei buruzko datuak jasotzen dira.

Elikagaien bidez transmititutako gaixotasunak (ETGak)

Campylobacter

Mikrobiologia klinikoko 62 laborategik Campylobacterak eragindako 6.325 infekzio jakinarazi zituzten urte horretan. Isolatutako kasuen % 82,1 (5.193) C. jejunirenak izan ziren, % 2,7 (171) C. colirenak, % 0,32 (20) beste espezie batzuenak (C. fetus eta C. lari) eta % 14,9 (941) tipifikatu gabekoak (Campylobacter sp.).

Kanpilobakteriosia da, SIMri jakinarazitakoen artean, gastroenteritisaren lehenengo kausa.

Jakinarazitako kasuen proportzio handiena 5 urtetik beherako haurren artekoa izan zen.

E. coli

Shiga toxina ekoizten duen E. coliren 14 kasu jakinarazi ziren. Horietako 8 E. coli O157 gisa identifikatu ziren.

A hepatitisa

2011n A hepatitisaren 698 kasu jakinarazi ziren. A hepatitisaren eragina murriztu egin zen Espainian 2011n (2010eko 100.000 biztanleko 2,2 kasuren aurrean, 1,51 izan ziren 2011n). Eragina handiagoa izan zen 5-9 urte bitarteko haurren artean eta gizonen artean, emakumeen artean baino.

Listeria

115 listeriosi kasu jakinarazita. 2010aren aldean (123 kasu) beherakada atzeman da, nahiz eta kasuen kopurua 2005tik 2008ra bitartean jakinarazitako kopuruaren gainetik egon. Denbora-tarte horretan, urteko 90 kasuren berri eman zen.

Salmonella

Salmonellosia da Espainian SIMri jakinarazitako bakterio-gastroenteritisaren eragileen bigarren kausa, Campylobacteren ondoren, elikagaien bidez transmititzen diren agerraldien lehenengo kausa izan arren. Salmonella ez tifoidearen 4.406 infekzio-kasu jakinarazi ziren 2011n. Guztira, gehienetan tartean zeuden elikagaiak arrautzak eta horren eratorriak izan ziren (agerraldien % 51,5). Ondoren, tarte handiarekin, honako hauek egon ziren: gozogintza, haragia eta haragi-produktuak (biak % 4,2), hegaztiak (% 3,3), esnekiak (% 2,5) eta gazta, arrainak/mariskoa eta barazkiak (azken horiek % 1,3).

Trikinosia

33 kasuetatik, 30 Aragoiko, Gaztela-Mantxako eta Madrilgo hiru agerraldiri dagozkie. Bi agerraldiren transmisio-bidea bi ehizaldiko basurde-haragia izan zen. Izan ere, basurdearen haragia txerri-haragiarekin nahastu zen txorizoak egiteko. Beste agerraldia txerri-haragiak eragin zuen.

Zoonosiak

Brucellosia

90eko hamarkadaren hasieratik, brucellosiaren eragina murriztu egin da, eta azken urteotako tasak 100.000tik 1 baino gutxiagokoak dira. 2011n ikusi zen eragin-tasa egonkortu egin zela (0,23 kasu 100.000 biztanleko), aurreko urtearen aldean (0,24 kasu 100.000 biztanleko). 2011n 104 kasu egon ziren.

Q sukarra

2011n Coxiella burnetiik eragindako 54 kasu jakinarazi ziren.

ISCIII txostena: ETGak eta zoonosiak Espainian (2011)