Osasun Publikoko eta Ingurumeneko Holandako Institutuak (RIVM) argitaratu egin du hainbat gaixotasun-kargaren zenbatespena, hain zuzen ere Holandan eragin handiena duten elikagai-infekzio bakoitzari lotutako gaixotasunena. Halaber, gaixotasun horiek eragiten dituzten kostuak argitaratu ditu, 2012 urtea ardatz hartuta.

Azterlan horretan jasotako patogenoak honako hauek dira: Campylobacter spp., Escherichia coli, Salmonella spp., Listeria monocytogenes, Bacillus cereus, Clostridium perfringens, Staphylococcus aureus, Norobirusa, Rotabirusa, A hepatitisa, Cryptosporidium spp., Giardia spp. eta Toxoplasma gondii.

Eragina

14 patogeno horietarako zenbatetsitako kopuruari dagokionez, 25.000 kasu gutxiago gertatu ziren (2011n 1.750.000 izan ziren eta 2012an 1.725.000). Maila baxuena da 2009. urteaz geroztik. Gaixotasun horiek 218 heriotza eragin zituzten 2012. urtean, 2011. urtean baino bat gutxiago besterik ez.

Alde batetik, areagotu egin zen salmonellosiaren eragina, izokin keztatuaren agerraldi garrantzitsu baten ondoren (24.000 kasu zirela zenbatetsi zen, eta horrek eragin du gaixotasun-karga eta horri lotutako kostuak areagotzea) eta Escherichia coli O157ren eta norobirusaren agerraldien ondoren. Aitzitik, campilobakteriosiaren, listeriosiaren, giardiasiaren, rotabirusaren eta A hepatitisaren eragina murriztu egin zen 2011. urtearen aldean. Aztertutako gainerako patogenoak direla eta, zenbatetsitako eredua aldagaitz mantendu zen.

Gaixotasun-karga

Aztertutako 14 patogenoek eragindako gaixotasun-karga areagotu egin zen: 2011n 13.900 DALY izan ziren (ezintasunak hala eraginda egokitutako bizitza-urteak) eta 2012an 14.000 DALY. Karga horren ia erdia elikagaien transmisioaren ondorio da, eta hori ere areagotu zen: 2011n 6.230 DALY izan ziren eta 2012an 6.550 DALY.

Karga handiena Toxoplasma gondiik (3.496 DALY) eta Campylobacterek (3.472 DALY) eragindako infekzioekin lotu zen. Ondoren, Salmonella (1.796 DALY) eta norobirusak (1.793 DALY) daude. Salmonellari dagokionez, garrantzitsua da aintzat hartzea izokin keztatuak eragindako agerraldiak 550 DALYko karga izan zuela.

Elikagaien jatorria aintzat hartuta, karga altuena txerri-haragiari egotzi zitzaion (% 20). Ondoren daude eskortako hegaztiak (% 17), behi- eta arkume-haragia (% 15), eta arrainak eta mariskoak (% 15). Animalia-jatorriko elikagaiek kasuen % 41 besterik eragin ez zuten arren, talde horrek eragindako karga % 61koa izan zen, eta horrek adierazten du animalia-jatorriko elikagaiei lotutako patogenoek infekzio larriagoak eragiten dituztela gainerako patogenoek baino.

Gaixotasunaren kostua (COI)

Oro har, COI egonkor mantendu zen: 412 milioi € izan ziren 2012. urtean, eta horietatik 175 milioi € elikagaien bidezko transmisioari lotuta daude. Aurreko urtearen aldean, ehunekoa % 4 areagotu da. Funtsean, areagotze hori izokin keztatuaren agerraldiak eragin zuen: 11 milioi €-ko kostua izan zuen, enpresari eta txikizkako merkatariei eragindako kalte ekonomikoa, eta agerraldiaren kontrol-gastuak aintzat hartu gabe. Horrek eragin zuen arrainari eta mariskoari lotutako kostua % 73 baino gehiago areagotzea.

RIVM txostena