Bizkaiko Osasun Publikoko Lurralde Ordezkaritzak egindako 2014ko Zaintza Epidemiologikoari buruzko Txostenak zenbait Informazio Sistemei (SIM, EDO, etab…) bidalitako datuak biltzen ditu.

Hona hemen txostenaren ondorio nagusiak:

GORA EGIN DUTE

Salmonellak

293 isolatze jakinarazi ziren, aurreko urtean baino 19 gehiago.Kasuen % 45 10 urtetik beherako haurretan gertatu ziren, % 32 10 eta 59 arteko pertsonetan, eta gainerako kasuak 60 urtetik gorakoetan.

Q Sukarrak

Q sukarraren bi agerraldi izan ziren Bizkaian: bat zaborrak prozesatzeko enpresa batean (50 kasu berretsi eta 12 probable), eta bestea Barrualde-Galdakaoko ESIko hiru udalerritan (12 kasu berretsi eta 15 probable).

Lehenengo agerraldiarekin lotutako enpresak landa-jatorriko hondakinak prozesatzeari ekin zion, eta agerraldia eragin ahal izan zuten animalien gorpuzkiak detektatu ziren.

Bigarren agerraldia eragin ahal izan zuten kausak ikertzeko, guztira hamabost artalde aztertu ziren; batean bakarrik aurkitu ziren konplementuaren finkapeneko proban emaitza positiboa eman zuten animaliak.

BEHERA EGIN DUTE

Campylobacterek

695 isolatze izan ziren. Hala, 2014an sarrien jakinarazitako infekzio gastrointestinalen mikroorganismo eragilea izan zen. 2013aren aldean, % 6 egin zuen behera (orduan 743 isolatze izan ziren).

Listeriak

2014an, listeriosiaren agerraldi bat erregistratu zen EAEn, patearen kontsumoarekin lotutakoa. Agerraldiaren arazoa konpondu ostean, listeriosi-kasu gutxiago jakinarazi zen. Horrela, 2014an, tasa 0,95/100.000koa izan zen.

Aurten jakinarazitako kasuen artean,afekzio materno-fetalaren bi kasu (abortu bat eta haur osasuntsu bat), meningitis-kasu bat, entzefatilits-kasu bat eta beherakoaren kasu bat izan ziren; gainerako kasuek sukarraren sintomak agertu zituzten.

Errotabirusak

Errotabirusaren 176 kasu jakinarazi ziren, 2013an baino 28 gutxiago. Ohikoa denez, isolatzeen % 89 urteko hilerik hotzenetan gertatu ziren.

Jakinarazitako kasuen % 85 3 urtetik beherako haurretan gertatu ziren.

Elikagai Jatorriko Toxi-infekzioak

250 pertsonari eragin zieten elikagai jatorriko 14 toxiinfekzio ikertu ziren; horietatik bat, norobirusak eragindakoa, adinekoen egoitza batean gertatu zen.

Gaitzak jotako 250 horietatik, 70 instituzionalizatuta zeuden (adinekoen egoitza batean). Gainerako agerraldiak establezimendu publikoetan (10), tutoretzapeko etxe batean eta etxebizitza partikular batean izan ziren; beste bat, berriz, azoka batean erositako haragi-produktu baten kontsumoarekin lotuta zegoen.

Anisakisari dagokionez, antxoa harrapatzeko kanpainan 38 anisakiasi-kasu jakinarazi ziren. Ia erdiak ospitaleratu egin behar izan ziren, eta % 90ek antxoa gordina jan zuten aurretik.

2014an, antxoaren kanpainarekin bat eginez eta elikakateko elikagai freskoei egin beharreko ohiko ikuskatzeetan ari zirela, anisakisaren ehuneko oso handia atzeman zen. Horrek osasun-arazoa ekar zezakeenez kontsumitu aurretik prestatzeko moduaren arabera, erabaki zen EAEko anisakiasi-kasuen zaintza epidemiologikoa egitea.

Azterketaren aldian, anisakiasiaren 65 kasu jakinarazi ziren. Lurraldeka, kasuen % 59 Bizkaian bizi zirenen artean gertatu ziren, % 35 Gipuzkoan eta % 6 Araban. Sintomarik ohikoenak sabeleko mina (kasuen % 89) eta oka egitea (% 46) izan ziren. Eragindakoen % 32 ospitaleratu egin behar izan ziren.

Kasu gehienetan, arrain gordina edo ozpin-oliotan prestatua kontsumitu zen, etxebizitza partikularretan, aurretik izoztu gabe.

Herritarrei kontsumitzean eta prestatzean hartu beharreko neurrien berri eman zitzaien, eta ostalaritza-elkarteari gogorarazi zitzaion izoztu egin behar zirela anisakis parasitoak izan litzaketeen arrantza-produktuak, gordinik edo gutxi prestatuta kontsumituko zirenak. Halaber, horrek herritarrentzat dakarren arriskuaz ohartarazi zitzaien.

Elikagaiek eta zoonosiak transmititutako gaixotasunak Bizkaian, 2014 – EJko Osasun Publikoa 2015