Campylobacter bidezko infekzioak dira EBn gehienetan jakinarazten diren urdail-hesteetako infekzioak. Infekzio hauei dagokienez, Europan:

  • Infekzioen maiztasuna handitzen ari da.
  • Kasu gehienak noizbehinkakoak dira.
  • Oso urtarotasun markatua du udan.
  • Zenbait herrialde eragiten dituzten agerraldiak ez dira ohikoak.
  • Hegazti-haragia da Campylobacter bidezko infekzioekin gehienetan lotzen den elikagaia: gizakien arteko kasuen % 20-30rekin lotuta dago.

Salmonella bidezko infekzioa da urdail-hesteetako bigarren infekzio arruntena, EBn jakinarazitakoen artean. Horri dagokionez:

  • Salmonelosia etengabe murriztu da 2004az geroztik, besteak beste, Europan Hegazti Abeletxeak kontrolatzeko abiarazitako programari esker.
  • Hainbat agerraldiren iturria da oraindik ere.
  • 2011n zehar lau agerraldi jakinarazi ziren Europako zenbait herrialdetan.

Hesteetako zenbait gaixotasun parasitario, hala nola kriptosporidiosia eta giardiasia, dira, oro har, Europako urdail-hesteetako infekzio gehien eragiten dituztenak. Gainera:

  • Aintzat hartu behar da gaixotasun horien azpi-diagnostikoa egiten dela eta sarri ez direla jakinarazten.
  • Askotan ur-tratamenduetako akatsekin lotzen dira (esate baterako, 2010/11n Östersunden –Suedia– gertatutako agerraldia).

E. coliri dagokionez, 2011n STEC O104: H4 agerraldia gertatu zen Europan, kutsatutako ernamuinen ondorioz. Agerraldi horrek erakutsi egin zuen beharrezkoa zela kontrol-neurriak hartzea, elikagai gordinen segurtasun mikrobiologikoa eta kontsumitzeko prest dauden elikagaien higienea bermatzeko. STEC andui arruntenak hainbat agerraldi eragiten ditu Europa osoan.

Urdail-hesteetako infekzio jakin batzuk EBko herrialde eta eskualde batzuetan bakarrik jakinarazi dira. Horietako bat da bruzelosia, nagusiki Portugalen, Espainian eta Grezian jakinarazi zena, abeltzaintza-jarduerari (ahuntzen hazkuntza) loturik. Beste kasu bat trikinosiarena da: nagusiki Bulgarian, Errumanian eta Lituanian jakinarazi da, etxean hazitako txerrien eta basurdeen haragiaren kontsumoari lotuta. Bulgariak jakinarazi zituen ekinokokosi kasu gehien.

Yersiniosiari dagokionez, kasuek murrizteko joera dute; baina, kasuen indizea nahiko handia da, oraindik ere, iparraldeko herrialdeetan, Alemanian, Txekiar Errepublikan eta Eslovakian. Infekzioa, sarritan, txerri-haragiaren kontsumoarekin lotzen da.

A hepatitisaren kopurua erlatiboki handia da oraindik Letonian, Txekiar Errepublikan, Errumanian eta Bulgarian.

Datu horiek ECDCk EBn derrigor jakinarazi beharreko gaixotasunei buruz 2012an eginiko txosten epidemiologikotik atera dira. Bertan aurki daitezke Europan Elikagaien bidez Transmititutako Gaixotasunei buruzko 2010eko eta 2011ko datuak.

ECDCren txostena: Europan Elikagaien bidez Transmititutako Gaixotasunak (2012)