Europako Batzordeak gehienezko muga berriak ezarri ditu, elikagaietako kadmio-edukiari dagokionez, gizakiek metal astun horren aurrean duten esposizioa murrizteko. Neurri hori EFSAk 2012an elikagaietako kadmioaren inguruan emandako zientzia-iritziaren ondorio da. Bertan ondorioztatu zen Europako herrialdeetan metal horren aurreko elikagaien bidezko batez besteko esposizioa hurbildu egiten zela edo zertxobait gainditzen zuela 2,5 µg/gorputz-pisuaren kg-ko asteko ingesta toleragarria. Are gehiago, herritarren zenbait azpitaldetan ia bikoiztu egiten zen asteko ingesta toleragarria.

Hori dela eta, EFSAk gomendatu zuen herritarrek kadmioaren aurrean duten esposizioa murriztea, aukera gutxi dagoen arren ondore negatiboak gertatzeko gaur egungo ingesta-mailen aurreko esposizioa duen norbanako baten giltzurrunen funtzioan.

Kadmioaren esposizioan dietaren bidez ekarpen handiena egiten duen elikagaiak aldatu egiten dira, herritar-taldeen arabera:

  • Helduen artean, fekula-sustraiak eta tuberkuluak, laboreak eta laborez eginiko produktuak, eta landare-produktuak eta barazkiak.
  • Haur eta nerabeen artean, fekula-sustraiak eta tuberkuluak, laboreak eta laborez eginiko produktuak, eta azukrea eta gozogintza-produktuak.
  • Edoskitze-aroan dauden haurrentzat eta haur txikientzat, ekarpen handiena fekula-sustraiek eta tuberkuluak, laboreak eta laborez eginiko produktuak, landare-produktuak eta barazkiak, esnea eta esnekiak, eta edoskitze-aroan dauden haurrentzako eta haur txikientzako elikagaiak.

Gainera, aintzat hartu behar da kadmioaren aurreko esposizio osoa ez dela elikagai nagusi gutxi batzuen ondorio, ezpada zenbait elikagai-multzo ezberdinen ekarpenen ondorio.

Horregatik guztiagatik, araudi honetan kadmioaren gehienezko mugak ezarri dira elikagai-multzo gehiagotan. Bestalde, txokolaterako (2019tik aurrera) eta edoskitze-aroan dauden haurrentzako prestakinetarako (2015etik aurrera) mailak ezarri dira, herritar-talde minberenak babesteko; hala nola, edoskitze-aroan dauden haurrak eta haur txikiak babesteko.

Gainera, Batzordeak nekazari eta elikagaien enpresetako ustiatzaileentzako gomendio bat eman du, eskura dauden murrizte-neurriak apurka-apurka ezar ditzaten, elikagaietako kadmio-edukiak murrizteko; zehazki, laboreen, barazkien eta pataten sektorean.

Murrizte-neurriak hartu direla bermatzeko, estatu kideek datuak bildu beharko dituzte elikagaietan dagoen kadmio-edukiari buruz. Ondoren, EFSAri bidali beharko dizkiote datuok. Era berean, Europako Batzordeak txosten bat egingo du 2015eko abenduan, ezarritako murrizte-neurrien esparruan eginiko aurrerapenei buruz.

Elikagaietako kadmioa: baimendutako gehienezko muga berriak

Elikagaietako kadmio-kopurua murrizteko aholkua

ELIKA Fitxa: Kadmio Arriskua