Elikagaien hornidura-kateko arriskuak murrizteko gomendioak
Europako Batzordeak txosten bat argitaratu du eta, bertan, estatu kide guztiek hartu behar dituzten zenbait prebentzio-neurri ezarri ditu, elikagaien hornidura-kateak kolokan jartzen dituzten arrisku eta kalteberatasunak murrizteko.
Txostena elikagaien segurtasuneko krisialdien aurrean prestatzeko eta erantzuteko mekanismoaren arloko aditu taldeak egin du (EFSCM), eta honako hauek barne hartzen ditu: arriskuak murrizteko bi printzipio orokor, elikakatearen epe luzerako erresilientzia indartzeko egiturazko hamar neurri eta etorkizuneko krisialdiei erantzuteko gaitasuna sendotzeko sei aholku.
Arriskuak murrizteko printzipio orokorrak
- Lankidetza eta informazio-trukea sustatzea; izan ere, hornidura-katearen barruan konfiantza sortzea funtsezkoa da arriskuei modu integralean aurre egiteko, arriskuen kudeaketaren ikuspegi bateratua sustatzeko eta elkarren segidako efektuak saihesteko. Arrisku eta mehatxu berriekin lotutako informazio garrantzitsua partekatzeko plataformak erabiltzea lagungarria da erronka berriei erantzun kolektiboa emateko.
- Krisialdietarako prestatzeko eta krisialdiak murriztu eta kudeatzeko estrategiak garatzea. Horretarako, garrantzitsua da interesdun guztien parte-hartze aktiboa izatea, hauek barne: arduradun politikoak, eragile ekonomiko pribatuak, arlo akademikoko adituak eta gizarte zibileko erakundeak.
Erresilientzia indartzeko egiturazko neurriak
- Elikagaien hornidura-katearen erresilientzia hobetzea, nagusiki ekoizpen primarioan, eta ingurumen-, klima-, gizarte- eta ekonomia-arriskuen aurrean jasangarritasuna eta lehiakortasuna bermatzea. Testuinguru horretan funtsezkoak dira, besteak beste, Nekazaritza Politika Erkidea eta Arrantza Politika Erkidea.
- Ekonomia zirkular eta jasangarriko jardunbideak sustatzea elikagaien hornidura-katean, hala nola baliabideak arduraz kudeatzea, hondakinak murrizteko estrategiak ezartzea eta dieta osasungarri eta jasangarriak sustatzea.
- Hornidura-iturriak dibertsifikatzea iturri bakarrekiko eta jatorri geografikoekiko gehiegizko mendekotasunarekin lotutako arriskuak murrizteko, eta, aldi berean, izakin estrategikoak antolatzea edo oinarrizko produktuen eta lehengai garrantzitsuenen hegakortasuna kudeatzen laguntzeko mekanismoak ezartzea.
- Garraio eta azpiegituren erresilientzia hobetzea.
- Barne-merkatuaren funtzionamendu egokiari eustea, baita merkatu-erakunde erkideen funtzionamenduari ere.
- Ikerketa eta berrikuntza sustatzea, elikagaien hornidura-katearen inguruan sortzen diren mehatxu berriei erantzutean abangoardian egoteko eta hornidura-kateen egokitzeko gaitasuna bermatzeko.
- Erregulazio-esparru sendoak ezartzea, elikagaien hornidura-katearen osotasuna babesteko eta, era berean, etengabe aldatzen diren arrisku eta erronketara egokitzeko.
- Digitalizazioan eta teknologia berritzaileen garapenean inbertitzea. Teknologia horiek dira, besteak beste, blockchain, robotizazioa edo arriskuak aurreikusteko datuak biltzeko eta aztertzeko prozesuaren hobekuntza.
- Finantza-babeserako mekanismoak hobetzea, horien bidez elikakatearen erronkei erantzuteko.
- Nazioarteko lankidetza sustatzea eta ondasunen fluxu segurua eta pitzadurarik gabea bermatzeko estandarrak, gidalerroak eta protokoloak ezartzea.
Krisialdietarako prestatzeko aholkuak
- Maila guztietako krisialdi eta kontingentziei erantzuteko plan sendoak ezartzea, eta behar beste baliabide bideratzea, hala arrisku eta kalteberetasunei nola koordinazio-beharrei modu eraginkorrean erantzuteko.
- Arriskuen analisia eta simulazio-ariketak egitea, zeinetan kontuan hartuko diren askotariko arrisku-egoerak, epe motzerako alterazioak eta epe luzerako erronkak aintzat hartuta.
- Alerta goiztiarreko sistemen etengabeko jarraipena egitea eta sistema horiek hobetzea, elikagaien hornidura-katean egon daitezkeen alterazioei aurrea hartzeko eta halako egoeretan prest egoteko.
- Gaitasuna sortzea prestakuntzaren, aholkularitza-zerbitzuen eta etengabeko ikaskuntzaren bidez. Horretarako, etengabeko prestakuntzarako programak ezarri behar dira eta trebetasunak garatu behar dira, teknologia berrietara egokitzeko.
- Krisien aurrean prest egoteko informazio- eta komunikazio-kanpainetan inbertitzea. Kanpaina horietan sartzen dira publiko orokorrari zuzendutakoak, zeinak elikagaien hornidura-katearen balizko arriskuen berri ematen duten eta herritarrek har ditzaketen neurri proaktiboak sustatzen dituzten.
- Krisialdi-egoeretarako komunikazio-protokoloak hobetzea, komunikazioa eraginkorra izan dadin. Horretarako, protokoloek sektore bakoitzeko behar espezifikoetara egokituta egon behar dute.