Europako Iparraldeko Ministroen Kontseiluak (NCM) bigarren ikerketa bat argitaratu du hainbat elikagai-ontzitan eta egunerokoan erabili ohi diren beste produktu batzuetan (elikagaiak ez direnak) dauden konposatu perfluoratuen arriskuaren ebaluazioari buruz. Aztertutako lagin guztietan hauteman dira konposatu perfluoratuak, eta horrek agerian utzi du beste behin ere konposatu kimiko iraunkor eta toxiko horiek asko erabiltzen direla.

PFAk

Konposatu per eta polifluoratuak (PFAk) substantzia oso fluoratuen talde bat osatzen dute, eta duela sei hamarkada baino gehiagotik erabili izan dira hainbat erabileratako industria-aplikazioetan, kontsumitzaileentzat. Gaur egun, frogatuta dago PFA batzuk, besteak beste PFOA (azido perfluorooktanoikoa) eta PFOS (sulfonatoperfluorooktanoa), erabat iraunkorrak, biometagarriak eta toxikoak direla animalientzat eta gizakientzat. Hala ere, PFA asko daude mundu-mailako merkatuan, eta oso informazio gutxi dago gizakion osasunari eta ingurumenari eragin dakiekeen arriskuari buruz.

Ikerketaren emaitzak

Bigarren ikerketan, supermerkatuetan eta beste saltoki batzuetan bildutako 17 produktu aztertu dira, besteak beste, paperezko eta kartoizko elikagai-bilgarriak (krispeta-poltsak, madalenen paperak…), aerosolak, argizariak, distira-emateko produktuak, ahoa garbitzeko likidoak eta ehun-produktuak.

19 PFA konposatu desberdin aurkitu ziren 17 produktuetan, eta aztertutako lagin guztietan hauteman zen PFOA. Horrez gain, zehazki elikagai-ontzi guztietan zegoen PFBA (azido perfluorobutanoikoa).

Gainera, krispeta-poltsen lagin batek PFOS (sulfonatoperfluorooktanoa) zuen; hala ere, gaur egun ez dago elikagaiekin kontaktuan dauden materialetan PFOSak erabiltzea debekatzen duen Europako legeriarik.

Dena den, Europako Batzordeak 2016an jakinarazi zuen lanean ari dela produktuetan PFOA eta haren aitzindari gutxiago erabiltzeko, zehazki, bilioi bakoitzeko 1.000 zatitik behera (ppb), hau da, 1.000 μg/kg. Araudi hori 2020. urtean aplikatuko da.

Nolanahi ere, ikerketa honetako produktu guztietan aurkitutako PFOA eta aitzindarien mailak 1.000 ppb-tik beherakoak izan ziren.