JRCk (Europar Batasuneko Ikerketarako Zentro Komunak, ingelesez Joint Research Centre) hainbat elikagai aztertu ditu, eta agerian geratu da produktu batzuek etiketa berdinak edo oso antzekoak dituzten arren, osagai ezberdinak dituztela.

 

Ikerketaren helburua

Ikerketa hau Europar Batasunak herritarren kalitate dualeko elikagaiei buruzko kezkari emandako erantzuna da, eta deskribatu egiten du ikerketan parte hartu duten estatu kideetako (barne hartuta Espainia) merkatuen egoera galdetegia egin zen epealdian (2018ko azaro-abendua).

Produktuak estatu kideen proposamenei jarraikiz hautatu ziren, betiere aintzat hartuz herritarrek agintaritzen edo kontsumitzaileak babesteko elkarteen aurrean aurkeztutako kexak.

Metodologia

JRCk estatu kideekin batera landutako metodologia harmonizatua erabili da, ahalbidetu egiten duena EB osoan konpara daitezkeen datuen laginak jasotzea, probatzea eta interpretatzea. Estatu kideak beren merkatuetan hautatutako elikagaien osaerari buruzko informazioa biltzera gonbidatu zituzten, eta 19 estatu kide parte-hartzaileek marka komuneko 113 produktu eta marka pribatuko 15 produkturi buruzko informazioa aurkeztu zuten.

Lehen urrats gisa, azterketa honetan produktuaren etiketa eta paketearen aurreko aldeko itxura aztertu dira.

Emaitza nagusiak

Azterketa honetan 128 produktu ezberdinetako 1.380 lagin aztertu dira, betiere aintzat hartuta lagin horrek ez duela ordezkatzen EBko merkatuan dauden elikagaien aniztasuna.

Honakoak izan dira ikerketa honetatik ateratako ondorio nagusiak:

  1. Produktuen % 23an ontziaren aurreko aldea eta osaeraren adierazpena berdinak ziren, baina horien % 22k osaera ezberdina zuten errealitatean.
  2. Produktuen % 27k osaera ezberdina zutela adierazten zuten EBko herrialde ezberdinetan, eta aurreko aldea ere ezberdina zen.
  3. Ez dago patroi geografikorik osaera ezberdinak dituzten produktuetarako ontzi berdinak erabiltzeari dagokionez. Gainera, aztertutako produktuetako osagaietan hautemandako ezberdintasunak ez du ezinbestean eragiten produktuaren kalitatea ezberdina izatea.

Gomendioak

Emaitzak ikusita, eskumeneko agintaritza nazionalek kasu zehatzen analisia egin dezakete EBko kontsumo-legeak debekatutako jardunbide engainagarriak dauden zehazteko.

Txosten horrek EBko kalitate dualari buruzko eztabaidarako oinarri hobea emango du. Alabaina, haratago joan eta ikerketa gehiago egin behar dira ebaluazio hori adierazgarriagoa izan dadin eta hobeto uler dezagun osaeraren eta kalitatearen arteko harremana.