ACSAk argitaratutako SAM (Elikagaien Segurtasuna Komunikabideetan) txostenaren arabera, honako hauek izan dira gehien landu diren eta ziur asko gizarte-interes handiena sortu duten gaiak:

  • Pentsuetan dioxinak atzematea.
  • Merkurioaren presentzia zenbait arrain-espezietan.
  • Espainiar jatorriko pepino sorta batek Alemaniako Escherichia coliaren agerraldi infekzioso batekin izan omen duen lotura.
  • Egungo ekonomia-krisiaren ondorioak: familia askoren erosteko ahalmena murriztu du eta hainbat solidaritate-kanpaina antolatu dira elikagaiak biltzeko.

Beste gai batzuek leku handia izan dute komunikabideetan. Aipatzekoak dira, besteak beste, PAC (Nekazaritza Politika Bateratua), ekoizpen ekologikoa eta zuzeneko salmenta sustatzea, eta laboreen munduko azokaren etorkizuna.

2011ko SAM txostenak Elikagaien Segurtasunak Kataluniako prentsan eta telebistan izan duen kazetaritza-estaldurari buruzko monitorizazioaren eta urteko analisiaren emaitzak jasotzen ditu (nahiz eta datu horiek beste autonomia erkidego batzuetako datuen isla diren). Txostenean dokumentatu egiten da zein informazio iristen den gizartera, nola landu den eta zer leku duten komunikabideek Kataluniako gizartean Elikagaien Segurtasunari buruz dagoen pertzepzioan.

Txostenean hausnartu egiten da komunikazio-arduradun guztiek (kazetariak, adituak, organismo eta erakunde publikoetako arduradunak, politikariak eta zientzialariak) honako gomendio hauei jarraitzeko beharraren garrantziaz:

  1. Arin eta modu koordinatuan jardun beti, arrazoirik gabeko gizarte-alarma edo nahi ez diren bestelako ondorioak saihesteko.
  2. Informazio argia eta zehatza modu bateratuan ematen duten bozeramaile ofizialak hautatu, sor daitezkeen kontraesanak eta informazio-nahasketak saihesteko.
  3. Eskura dauden datuak bakarrik eman, zientifikoki egiaztatu eta aldez aurretik alderatu direnak.
  4. Momentu bakoitzean esaten dena nola esaten den baloratu eta izango dituen ondorioak aurreikusi, eraginkortasun gutxiko jarduerak saihetsi; hala nola, gerta daitekeen arriskuren bat zalantzan jartzen duen politikari baten irudia erabili.
  5. Kalteen konparaziorik ez egin (esate baterako rankingak erabiltzea).
  6. Elikagai jakin baten kontsumoa balizko arrisku batekin lotzea errazten duten irudiak ez erabili, arrisku hori egiazki ziurtatu ez bada.
  7. Informazio-gardentasuna indartu beti eta ahotsa eman tartean dauden aktore guztiei.
  8. Herritarrei begira, zenbait jardunbide eta prebentzio-jarraibide ezarri behar dira, modu argian eta zehatzean, eta kontsumo-ohituretara egokituta.

SAM txostena (2011)

Azterlana: EAEko Elikagaien Segurtasunari buruzko pertzepzioa