Elikagaien Segurtasunaren arloko zein gaik sortarazi du interes handiena Euskadin 2013. urtean? – ELIKA/EHU 2014
ELIKAk, EHUko Gizarte Zientzien eta Komunikazioaren arloko Ikerketarako Talde Kontsolidatuaren lankidetzarekin, Elikagaien Segurtasuna 2013an Euskal Autonomia Erkidegoko prentsan proiektua egin du. Honako hauek dira proiektu horren helburuak:
- Ezagutzea euskal herritarrei zein informazio mota iristen zaien Elikagaien Segurtasunarekin lotuta Euskal Herrian argitarazten diren bederatzi egunkarien bidez.
- Jakitea zein diren Elikagaien Segurtasunaren arloan agertzen diren gai garrantzitsuenak, eta horiek urtean zehar izan duten bilakaera.
- Erreparatzea zer-nolako eragina izan duten urtean zehar gertatutako elikagai-arriskuek, bai eta horiei prentsa komunikabideetan eman zaien trataera ere.
- Identifikatzea albisteen erredaktoreak eta autoreak, bai eta horien espezializazio maila ere.
- Aztertzea Elikagaien Segurtasunari buruzko informazioaren bilakaera, 2012ko azterlanaren emaitzekin alderatuta.
Azterlan hau arriskuen kudeatzaileentzat da, jakin dezaten zer-nolako tratamendua ematen zaien komunikabideetan Elikagaien Segurtasunaren arloko alderdiei eta, ondorioz, euren komunikazio-estrategiak berriz bidera ditzaten.
Elikagaien Segurtasunak bere baitan hartzen dituen sei gai nagusien (Elikagaien Segurtasuna, Elikagaien Arriskuak, Elikagaiek/Elikadura, Nekazaritza/Abeltzaintza/Arrantza, Elikagaien Industria, Osasuna/Nutrizioa/Alergiak) inguruko berri guztiak aztertu dira, bai eta 2013an ELIKA aipatu duten albisteak ere.
Honako hauek txosteneko 21 ondorioetako nagusiak dira:
- Guztira Elikagaien Segurtasunari buruzko 1.803 albiste argitaratu dira; hots, 150 albiste hileko, batez beste, aztertutako egunkari guztien artean. Datu horiek aurreko urtekoak baino handiagoak dira.
- 2013an gehien aipatu diren gaiak lehenik "Nekazaritza/Abeltzaintza/Arrantza" izan dira; bigarrenik, "Osasuna/Nutrizioa/Alergiak"; eta hirugarrenik, "Elikagaien Industria".
- Oro har, Elikagaien Segurtasunaren arloko gaiak baloratzeko joera handiagoa da; izan ere, 2012an baino maizago aipatu izan da eta garrantzia handiagoa eman izan zaio (azala, koadernotxoak, orrialde nagusia).
- Albiste guztien % 11n baino ez da erabiltzen “arrisku” hitza beren-beregi.Proportzio txiki horren arrazoia honako hau da: 2013an ez da elikagaien arrisku-egoera askorik gertatu eta, halakoak gertatu direnean (zaldi-haragiaren iruzurra, besteak beste), euskal herritarrei ez diete osasun-arazorik eragin.
- Kazetariek Elikagaien Segurtasunari buruzko espezializazio mugatua dute. Erredaktoreek sinaturiko albisteen erdian 338 kazetarik hartu dute parte. Horrek adierazten du bakoitzak, batez beste, 2,5 albiste egin dituela (2012an 2 izan ziren).
- Testu askotan (% 35) ez da aipatzen datuen iturria. Oso ehuneko handia da, aintzat hartuta iturria oso datu garrantzitsua dela informazioaren irismena baloratzeko.
- Erabilitako iturriak aipatzen dituzten testuetan, berriz, honako hauek ageri dira maizenik: administrazioko eta Elikagaien Segurtasunerako agentzietako bozeramaileak (% 35), zientzialariak eta adituak (% 25), gizarteko ordezkariak (% 25) eta elika-kateko kideak (% 15).