Elikagaien Segurtasunaren egoera Katalunian – ASPC 2015
Kataluniako Osasun Publikoko Agentziak argitaratu egin du autonomia-erkidego horretako Elikagaien Segurtasunaren egoerari buruzko 2013. urteko memoria.
Azterketa egiteko erabiltzen diren adierazleek honako hauek ezagutzeko bidea ematen dute: giza osasunerako arriskuak (prebalentziaren eta arriskuen aurreko esposizioaren datuen bidez), pertsonen osasunaren inguruko ondorio errealak (gaixotasunen eraginari buruzko datuen bidez) eta zer neurritan betetzen duten elikakateko operatzaileek indarrean dagoen araudia. Halaber, jasotzen duen informazioak aukera ematen du herritarrek Elikagaien Segurtasunaz duten pertzepzioa ezagutzeko.
Arrisku biologikoak
Txostenak dioenez, Kataluniako Elikagaien Segurtasunaren arloko arazo nagusia arrisku biologikoak dira oraindik; batez ere, elikagaiek eragindako toxiinfekzioak. Hori dela eta, txostenaren gomendio nagusietako bat da arrisku biologikoen prebalentzia murrizten jarraitzea, elikakate osoan; bereziki Campylobacterarena, aro primarioan Salmonellarekin eginikoarekin jarraituz.
Txosteneko beste gomendioetako bat da sentsibilizazioa, prestakuntza eta kontrola indartzea sukaldaritza kolektiboan, jardunbide onen eta autokontrolen aplikazioa hobetzeko. Etxean, informazio- eta sentsibilizazio-programak ere gomendatzen dira, ezagutza, erantzukizuna eta etxeko oinarrizko lau higiene-arauen aplikazioa ahalik eta handiena izan dadin: tratamendu termiko nahikoa, hotzaren aplikazio egokia, muturreko garbitasuna eta kutsadura gurutzaturik eza produktu gordin eta kuzinatuen artean.
Arrisku kimikoak
Kutsatzaile kimikoei dagokienez, Katalunian erabateko dietaz eskura dauden azterlanek adierazten dute herritarren esposizioaren mailak nazioarteko erreferentziako gehieneko mugen azpitik daudela. Ebaluatutako kutsatzaile guztien maila (HAP 8, merkurioa, kadmioa, artsenikoa, dioxinak eta furanoak, hexaklorobentzenoa eta konposatu perfluoratuak) txikiagoa izan zen, aurreko azterlanen aldean.
Zaintzako eta kontrol ofizialeko programak
Zaintzako eta kontrol ofizialeko programetan lortutako datuak baliatuz, posible da informazioa lortzea arriskuen prebalentziaz, merkatuan kontsumitzaileen eskura dauden elikagaietan; nolanahi ere den, programa horietatik gehienek irregulartasunak edo ez betetzeak zaintzen eta kontrolatzen dituzte; beraz, laginketak ez dira oso adierazgarriak, eta arriskuak puztea ekar dezakete.
Halaber, informazioa azkar trukatzeko sistemen bidez (SCIRI, RASFF), informazioa lor daiteke elikagaien alerten egoerei buruz, hurbilen dagoen inguruan.
Lotutako gaiak
Beste alde batetik, txostenak informazioa biltzen du Elikagaien Segurtasunarekin lotutako gaiei buruz: animalien osasuna (elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasunak izan ezik), landareen osasuna, animalien ongizatea, ingurumeneko arriskuak, etiketatzea, iruzurraren aurkako borroka, ekoizpen ekologiko eta integratuak eta horien etiketak, elikagaien aurkezpena eta publizitatea.