Suitzako Elikagaien Segurtasunerako eta Albaitaritzako Gaietarako Bulego Federalak (OSAV) dokumentu bat argitaratu zuen, non datozen urteetan herrialde horretako Elikagaien Segurtasunari eta Nutrizioari ziurrenik eragingo dieten joerak biltzen dituen. Orain, EFSAk dokumentu horren itzulpena argitaratu du erreferentziazko argitalpenen katalogoan.

Dokumentuan, joerak honako eremu hauetan banatzen dira:

GIZARTEA

  • Elikagaien bidez transmititutako infekzio edo intoxikazioak areagotu egin daitezke, batik bat biztanleriaren zahartzearen ondorioz arriskuan dauden kontsumitzaileen kopuruak gora egin duelako.
  • Adinekoentzako dieta orekatua gero eta garrantzitsuagoa izango da.
  • Gero eta maizago eskatzen diren produktu jasangarriak elikadura-iruzurraren helburu izan daitezke. Uste da produktu horien gaineko gero iruzur- eta engainu-saiakera gehiago egingo direla.
  • Osagai gutxi eta gehigarririk ez duten produktuak (etiketa garbidunak) merkaturatzeko gero eta joera handiagoa arriskutsua izan daiteke; izan ere, elikagaiek kontserbagarririk ez izateak egoera txarrean edo kutsatura dauden produktu gehiago kontsumitzea eragin dezake.
  • Solteko elikagaien salmentak patogenoek eragindako kutsadura-arriskua handitu dezake eta elikagaien bizitza baliagarria murriztu.
  • “Superelikagaiak” eta elikadura-osagarriak gainbegiratu gabe edo modu desegokian kontsumitzeak dieta desorekatua eragin dezake.
  • Nutrizio-balioen banakako ebaluazioan oinarritutako “dieta pertsonalizatuek” (dietista-nutrizionista batek gainbegiratu gabe) ere dieta desorekatua eragin dezakete.
  • Dieta begetarianoek edo beganoek, ez badira behar bezala egiten, desnutrizio‑kasuak eragin ditzakete.
  • Animalia-produktuen ordezkoek alergenikoak izan daitezkeen proteina berriak izan ditzakete.

TEKNOLOGIA BERRIAK

  • Ontziratzeko material berriek oraindik identifikatu ez diren arriskuak izan ditzakete.
  • Elikagaiak plasma ez-termikoaren bidez tratatzeak efektu negatiboak izan ditzake molekula mailan; hortaz, beharrezkoa da teknika hori aztertzen jarraitzea.
  • Mikroorganismo patogenoek eragindako infekzioak gero eta ohikoak izan daitezke, ontzi jangarriak gero eta gehiago erabiliz gero.
  • Laborategiko diagnosi-metodo berriek kalitate-kontrola hobetu dezakete. Baina sentikorragoak eta espezifikoagoak direnez, metodo horiek elikagai‑patogenoen presentzia-kasu gehiago detektatzeko aukera ere eman dezakete, nahiz eta kasuen benetako kopuruak ez duen nabarmenki gora egin.
  • Nanoteknologiari eta mikro eta nanoplastikoei buruzko ikerketak osasunerako arrisku berriak identifikatzen lagun dezake.

EKONOMIA

  • Hesteetako biota hobetzea xede duten probiotikoak eta prebiotikoak joera izan daitezke, nahiz eta arlo horretako ikerketak lehenengo fasean dauden eta ezin den zehatz‑mehatz kuantifikatu elikagai horien onura.
  • Testura berriek, berriz, eragin negatiboa izan dezakete, osasunarentzat onuragarriak diren beste elikagai batzuk baztertu eta zenbait gehigarrirekiko esposizioa areagotzen baitute.
  • Bestalde, birbaliatzeak mehatxu berriak eragin ditzake osasunean, besteak beste, behien entzefalopatia espongiformea (behi eroen sindromea).
  • “Upcycling” izenekoa ere arriskutsua izan daiteke, kontsumitzaileak elikagai berrien eraginpean jartzen baititu, eta, ondorioz, arrisku berrien eraginpean.
  • Azkenik, ekoizpen- eta banaketa‑eredu komertzial berriak sortzeak arrisku mikrobiologiko handiagoak eragin litzake, ez baitituzte higiene- eta fabrikazio-jardunbide egokiak betetzen.

INGURUMENA

  • Klima-aldaketak uraren bidez transmititzen diren gaixotasun gehiago eragin ditzake, batik bat, lehorraldietan; izan ere, uraren eskasia dela-eta laboreak kalitate zalantzagarriko urekin ureztatzen dira.
  • Aurreikusten da arrainetan eta itsaskietan dauden itsas biotoxinek eragindako intoxikazioen kopuruak gora egingo duela.
  • Aurreikusten da birsortzen ari diren gaixotasun epizootikoak ohikoagoak izango direla, eta horietako asko zoonotikoak izateko aukera dagoela.
  • Produktu fitosanitarioen erabilera areagotu daiteke, baldin eta estres termikoaren ondorioz laboreak eta azienda gaixotasunekiko kalteberagoak bihurtzen badira.
  • Kutsatzaileen edo mikrobio-kutsaduren kopuruak gora egin dezake elikagaietan, baldin eta nekazaritza-azalerak urpetzen badira; izan ere, jariatze-urek ingurumen‑kutsatzaileak garraituko lituzkete.