Elikagaien Segurtasunaren arloko 1.100 aditu (70 herrialdetakoak), ELIKAko ordezkariak tartean, EFSAk antolatutako nazioarteko hitzaldi batean bildu dira, Milanen, urriaren 14tik 16ra bitartean. Bertan, Elikagaien Segurtasunaren gaur egungo egoerari eta etorkizuneko erronkei eta aukerei buruz eztabaidatu dute.

Gardentasuna, lankidetza eta Arriskuen Ebaluazioan parte-hartze publikoa indartzeko beharra izan ziren hitzaldiko gai nagusiak. Hitzaldia 2015eko munduko EXPOren egoitzan egin zen; elikadura izan da Expo horren lelo nagusia. Halaber, Elikaduraren Mundu Egunean amaitu zen hitzaldia.

Zientzia-komunitateko ordezkariek eta elikagai-arriskuen ebaluazio- eta kudeaketa-arlokoek hainbat gai eztabaidatu dituzte hiru egunean, besteak beste: datuak eta informazioa partekatzeko beharra, arrisku-ebaluazioaren metodologia berriak, arrisku-ebaluazioan zalantzak argitzeko modua, animalia- eta landare-osasunaren arloan sortzen ari diren arriskuak, arriskuen ebaluatzaileen hurrengo belaunaldiaren prestakuntza… Hori guztia gaur egungo ingurune aldakorraren eta dinamikoaren barruan.

Hitzaldia EFSA datozen bost urteotarako estrategia prestatzen ari den honetan antolatu da, eta oraintxe jarri dute jendaurrean zirriborroa; hortaz, ondorio guztiak EFSAren 2020 Estrategian sartuko dira.

Hitzaldietako aurkezpen guztiak EFSAren webgunean daude ikusgai, eta aurki eskuratu ahal izango dira hitzaldi guztien grabazioen bideoak, bai eta EFSAren aldizkariaren edizio berezi bat ere (eztabaiden ondorioak ere bilduko ditu).

Shaping the future of Food Safety, together.

EFSA 2020 Estrategia (zirriborroa)