Elikagaien segurtasunaren kultura, higiene-printzipio orokor gisa
“Baserritik Mahaira” Europako estrategiaren eta elikaduraren arloko nazioarteko arauen azken bertsioek (OME/FAOren Codex Sistema) berekin ekarri dituzten betekizunetara egokitze aldera, aldatu egin dira Elikadura-produktuen higieneari buruzko 852/2004 (EE) Erregelamenduaren I. eta II. eranskinak.
Zehazki, alergenoen kudeaketarekin, elikagaien birbanaketa (dohaintzan emate) seguruarekin eta “elikagaien segurtasunaren kultura” kontzeptua txertatzearekin dute zerikusia betekizun horiek.
Alergenoen kudeaketa
Joan den urtean, Codex Alimentarius batzordeak elikagaien industriako enpresetako operadoreek elikagaietan presente dauden alergenoak kudeatzeko jardunbide egokien kode bat prestatu zuen (CXC 80-2020). Bertan, alergeno horiek murrizteko gomendioak ematen dira, elikakatearen gaineko ikuspegi harmonizatuarekin eta higiene-irizpide orokorrak oinarritzat hartuta.
Hortaz, honako aldaketa hau egin da erregelamenduan kodean ezarritakora egokitzeko:
«…Alergiak edo intolerantziak sortzen dituzten substantziak edo produktuak biltzeko, garraiatzeko edo biltegiratzeko erabilitako ekipo, garraiobide edo ontziak, … EZ dira substantzia edo produktu hori ez duten elikagaiak biltzeko, garraiatzeko edo biltegiratzeko erabiliko aurretiaz dagokion ekipoa, garraiobideak edo ontziak garbitu eta bertan substantzia edo produktu horren begi-bistako arrastorik ez dagoela egiaztatu ez bada».
Elikagaien birbanaketa
“Baserritik Mahaira” (Farm to Fork Strategy) estrategia gure elikadura-sistema bidezkoagoa, osasungarriagoa eta ingurumenarekiko begirunetsuagoa izan dadin sortu zen, eta, horretako, ezinbestekoa da elikagaiak birbanatzea ahalbidetuko duten baina, aldi berean, kontsumitzaileei elikagaien segurtasunaren arloko berme guztiak emango dizkieten irizpide orokor batzuk ezartzea.
Horretarako, elikagaien enpresetako langileek sistematikoki egiaztatu behar dute beren erantzukizunpeko elikagaiak ez direla osasunerako kaltegarriak eta egokiak direla giza kontsumorako, beren iraungitze-dataren edo gutxieneko iraupen-dataren arabera (ikus 5. KAPITULUA V BIS-1. puntua, informazio gehiagorako) eta eranskin horretako 2. puntuan xehe-xehe azaldutako irizpideen arabera. Horiek guztiek honako hauek hartzen dituzte aintzat:
- birbanaketa baimentzeko bizitza erabilgarria
- ontziaren osotasuna
- biltegiratzeko eta garraiatzeko baldintza egokiak (barne hartuta tenperatura)
- izozte-data
- baldintza organoleptikoak
- trazabilitatearen bermea
“Elikagaien segurtasunaren kultura” kontzeptua
Eguneratze honetan, Europar Batzordeak higiene-printzipio orokortzat jo du “elikagaien segurtasunaren kultura” kontzeptua.
“Elikagaien segurtasunaren kultura” kontzeptuaren definizioa: pertsona talde batek elikagaien segurtasunaren arloan partekatzen dituen jarrerak, balioak eta sinesmenak, erakundeek elikagaien segurtasuna kudeatzeko duten konpromisoa eta sendotasuna baldintzatzen dutenak.
“Elikagaien segurtasunaren kultura” eta kontzeptu horrek elikagaien segurtasunean duen eragin positiboa hainbat argitalpen zientifikotan egiaztatu da.
Honako hauek dira 852/2004 Erregelamenduan txertatu berri diren “Elikagaien segurtasunaren kulturaren” betekizunak:
Elikagaien segurtasunaren kultura egokia ezarri eta mantenduko dute elikagaien enpresetan lan egiten duten operadoreek. Gauzak horrela, betekizun hori betetzen dutela frogatu beharko dute, honako hauen bidez:
a) Zuzendaritzak eta langile guztiek konpromisoa hartzea elikagaiak segurtasunez ekoitzi eta garraiatzeko (Zuzendaritzaren konpromisoari dagozkion betekizunak, XI bis KAPITULUKO 2. puntua)
b) Elikagai seguruak ekoizteko ahaleginak egitea eta langile guztiek parte hartzea elikagaien segurtasunaren arloko jardunbideetan
c) Enpresako langile guztiek ezagutzea elikagaien segurtasunaren arloan dauden arriskuak eta enpresako elikagaitan segurtasuna eta higienea zaintzearen garrantzia
d) Komunikazio ireki eta argia egotea enpresako langile guztien artean, hala jarduera jakinetan, nola bata bestearen atzeko jardueretan. Modu ireki eta argian jakinarazi beharko dira desbideratzeak eta espektatibak ere
d) Baliabide nahikoak izatea elikagaiak segurtasunez eta higienikoki manipulatuko direla bermatzeko
Elikagaien segurtasunaren kultura ezartzeko, aintzat hartuko dira enpresaren izaera eta tamaina.