Elikagaien segurtasunaren printzipioak

Elikagaien Segurtasuneko printzipio eta baldintza orokorrak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urtarrilaren 28ko 178/2002 Erreglamenduan daude jasota. Haren bitartez, elikaduraren legeriaren printzipio eta baldintzak ezarri ziren, Elikagaien Segurtasuneko Europako Agentzia eratu zen eta Elikagaien Segurtasunari lotutako prozedurak finkatu ziren.

Elikagaien Segurtasunaren Liburu Zuria

2000. urtean, gizakien eta animalien elikadurarekin zerikusia duten hainbat krisialdi pairatu ondoren (behi eroen sindromea, dioxinak…) Europako Batzordeak hurrengo urteetarako lehentasun politikoen artean jaso zuen Elikagaien Segurtasuna.

Horren harira, Elikagaien Segurtasunaren Liburu Zuria argitaratu zen, elikaduraren esparruan zegoen legeria osatzeko eta modernitzatzeko egin beharreko ekintzak jaso zituena. Liburu Zuri horretako Ekintza Plana elikagaiei buruzko legeriaren oinarri orokorrak jasotzen dituen oinarrizko Erregelamendutik dator (178/2002 Erregelamendua), baita landare- eta animalia-jatorriko elikagaiei buruzko xedapenetatik eta elikadura-sektoreko eragileen erantzunkizunak ezartzetik ere.

178/2002 Erregelamenduak Europan gai horri  buruzko legeria osatu behar zuten 80 neurri baino gehiago aurkeztu zituen. Honako hauek dira nabarmentzekoak:

  • Europako elikadura-organismo independente bat sortzea, irizpide espezifikoak formulatzeaz, alerta azkarreko sistemak kudeatzeaz eta arriskuak komunikatzeaz arduratuko zena.
  • Esparru juridiko hobea eratzea, elikagaiei lotutako aspektu guztiak barne hartuko dituena, «sorotik mahaira».
  • Kontrol-sistema harmonizatuagoak ezartzea maila nazionalean.
  • Elkarrizketak izatea kontsumitzaileekin eta beste alderdi interesdun batzuekin.

Helburu orokorrak

Elikagaien Segurtasunaren arloko legeriaren helburu orokorrak 178/2002 Erregelamenduko 5. artikuluan daude ezarrita:

  • Maila altua lortzea pertsonen bizitzaren babesari eta haien osasunari dagokienez.
  • Kontsumitzaileen interesak babestea.
  • Bidezko jardunbideak txertatzea elikagaien salerosketan.

Horiek guztiak lortzeko, aintzat hartu behar dira animalien osasuna eta ongizatea, alderdi fitosanitarioak eta ingurumena.

Azken xedea da Elikagaien Segurtasuneko printzipio orokorrei jarraikiz ekoiztutako edo merkaturatutako elikagaien eta pentsuen zirkulazio askea lortzea Europan.

Elikagaien Segurtasuneko printzipio orokorrak

Printzipio horien funtzioa da elikagaien segurtasunean eragina duten eragileek hartutako legegintzako neurriak haiek ezarritakoari jarraikiz hartzea. Zehazki, 178/2002 Erregelamenduaren 5-10. artikuluetan daude ezarrita:

Elikagaien legeria orokorra elikagai eta pentsuen ekoizpen-, eraldaketa- eta banaketa-etapa guztietan aplikatuko da, baldin eta elikagaien ekoizpenera bideratutako animaliak elikatzeko erabiliko badira edo animalia horiei emango baldin bazaizkie.

Elikagaien legeria arriskuen analisian oinarrituko da. Metodologia honi jarraikiz, arriskuaren kudeaketak aintzat hartuko ditu arriskuaren-ebaluzioaren emaitzak. Azken hori eskuragarri dagoen ebidentzia zientifikoan oinarrituko da, eta era independentean, objektiboan eta gardenean egingo da.

Osasunaren babes-maila altua bermatze aldera, efektu kaltegarriak egon daitezkeela aurreikusten den arren, ez-jakintasun zientifikoa dagoen kasuetan, arriskuaren kudeaketarako behin-behineko neurriak hartu ahal izango dira, arriskua xehetasun handiagoz zehaztea ahalbidetuko duen informazio zientifikoa lortu arte.

Elikagaien inguruko legeria egiteko prozedurak oinarrian izango ditu kontsulta publiko irekia eta gardetasuna (gaiaren larritasuna dela bide ezinezkoa denetan izan ezik).

Elikagai edo pentsu bat pertsonen edo animalien osasunerako arriskutsua izan daitekeela pentsatzeko arrazoi nahikoa dagoenean, agintariek neurriak hartuko dituzte produktu horrek osasunarentzako izan dezakeen arriskuaren izaerari buruz publiko orokorra informatzeko. Ahal den neurrian, honako hauek adieraziko dira: zein elikagai edo pentsu den, zein motatakoa den, zein arrisku izan dezakeen eta zein neurri hartuko diren arrisku horren aurrean.

Elikagaien legeriak oinarri bat emango die kontsumitzaileei, horrela ezagutzan oinarrituta hauta ditzaten kontsumituko dituzten elikagaiak, iruzurra, adulterazioa eta edozein engainu-jardunbide saiheste aldera.

Elikagaien Segurtasuneko baldintza orokorrak

178/2002 Erregelamendu Orokorraren 14.-21. artikuluetan daude ezarrita:

Ez dira merkaturatuko seguruak ez diren elikagaiak

Ez dira merkaturatuko eta ez zaizkie emango elikagaiak ekoizteko animaliei seguruak ez diren pentsuak

Honako hauek ez dute kontsumitzailea nahastuko: elikagaien edo pentsuen etiketak, publizitateak eta aurkezpenak; haien formak, itxurak edo ontziak; ontziratzeko erabilitako materialak; elikagaiak eta pentsuak jartzeko moduak eta horiek erakusten diren lekuak; edozein baliabideren bidez haiei buruz ematen den informazioak.

Elikagai- eta pentsu-enpresen sustatzaileek ziurtatu egingo dute, euren ardurapeko enpresetako etapa guztietan, elikagaiek eta pentsuek bete egiten dituztela dagokien elikagaiei buruzko araudiaren baldintza guztiak.

Estatu kideek zaindu egingo dute elikagaiei buruzko araudia bete egiten dela, eta kontrolatu eta egiaztatu egingo dute elikagai- eta pentsu-enpresen sustatzaileek bete egiten dituztela elikagaiei buruzko araudiaren baldintzak.

 Estatu kideek, halaber, arautu egingo dituzte elikagaiei buruzko araudia eta pentsuei buruzko araudia urratzeagatik aplikatu beharreko neurriak eta zehapenak.

Trazabilitatea bermatu beharko da elikagaiak, pentsuak, elikagaiak ekoizteko animaliak eta elikagai edo pentsu batean gehituko den edo gehitu litekeen edozein substantziak ekoizteko, eraldatzeko eta banatzeko etapa guztietan.

Halaber, elikagai- eta pentsu-enpresen sustatzaileek identifikatu egin beharko dituzte elikagaiak, pentsuak, elikagaiak ekoizteko animaliak edo pentsu batean gehituko den edo gehitu litekeen edozein substantzia hornitzen dituzten pertsonak.

Elikagai-enpresen ustiatzaileek uste badute inportatu, ekoitzi, eraldatu, fabrikatu edo banatu duten elikagai batek ez dituela betetzen elikagaien segurtasunerako baldintzak, edo hori pentsatzeko arrazoiak badituzte, berehala kenduko dute elikagai hori merkatutik, betiere hasierako ustiatzaile horiek ez badiete berehalako kontrola egiten elikagaiei. Horrez gain, horren berri emango diete agintari eskudunei.

Eguneratze data: