Elikagaien xahuketan elikagaien segurtasuna mantentzeko lehentasuna
FAOk “Ekonomia zirkularrean elikagaien segurtasuna bermatzeari” lotuta esku-orri batzuk sortu ditu. Horietako bat elikagaien xahuketaren balorizazioan elikagaien segurtasuna bermatzea gaia jorratzen du.
Elikagai-hondakinek eta -azpiproduktuek kutsatzaileak izan ditzaketenez, funtsezkoa da elikagaien segurtasuna kudeatzeko neurriak ezartzea beste erabilera batzuetarako banatu edo berrerabiltzen direnean, kontsumitzaileen osasuna bermatzeko.
Elikagaien segurtasuna – elikagaien xahuketa binomioa
Hazkuntzek eta animalia-produktuek elikagaien segurtasun eta kalitate arauak bete ezean, ezin dira elikagai gisa erabili, eta askotan baztertu egiten dira. Gainera, elikagaiak txikizkako saltegietan eta etxebizitzetan ere botatzen dira kutsadura-arazoengatik. Ondorioz, elikagaien galera eta xahuketa handiagoa da.
Aitzitik, elikagaien galera eta xahuketa praktika askoren bidez ekidin daiteke. Esate baterako, elikagaiak egoki gordetzea eta hoztea elikagaien segurtasuna hobetzen laguntzen du.
Elikagaien xahuketa murrizteak eragin positiboa izan dezake elikagaien segurtasunean, kliman eta nekazaritzako elikagaien sistemen jasangarritasunean oro har. Hori dela eta, elikagaien segurtasuna hertsiki lotuta dago elikagaien galera eta xahuketarekin.
«Erosi-egin-erabili-bota» egungo eredu linealetik eredu zirkularrera aldatzeak elikagaien galera eta xahuketari aurre egiten lagun dezake. Horretarako, elikagaien galera eta xahuketa ekidin beharko genuke elikakate guztian zehar, eta, horretarako, alde batetik, kontsumorako seguruak diren elikagaien soberakinak birbanatu beharko genituzke, eta, bestetik, elikagaien azpiproduktuak birziklatu, berrerabili edo birbaliatu.
Hortaz, funtsezkoa da elikagaien segurtasunari lotutako neurri hauen ondorioak aintzat hartzea sistema zirkularretarako trantsizio segurua bermatzeko.
Elikagaien segurtasun-arriskuak elikagaien xahuketan
- Kutsatzaile mikrobiologiko eta kimikoak elikagai-hondakinetan
Elikagai-hondakinek agente patogenoak (bakterioak, birusak, onddoak, parasitoak) eta kutsatzaile kimikoak (mikotoxinak eta metal astunak, besteak beste) izan ditzakete.
Arrisku-maila elikagai-motaren eta xahutu aurreko eta ondorengo narriadura- eta kutsadura-mailaren araberakoa izango da. Esate baterako, patogeno edo kutsatzaile kimikoak konpostean hazitako elikagai edo pentsuetara transferitu daitezke. Ondorioz, elikagai-hondakinak konposta egiteko erabiltzen direnean, arriskutsuak izan daitezke gizakien eta animalien osasunerako.
Hala ere, egoki kudeatzen bada, konpostatze-sistemek patogenoak ezaba ditzakete. Herrialde askotan konposta higienizatzeko legezko arauak edo arau boluntarioak dituzte.
2. Arrisku fisikoak eta mikroplastikoak elikagai-hondakinetan
Elikagai-hondakinak zuntzezko edo plastikozko hondakinekin kutsatu daitezke ez badira modu egokian bereizten. Adibidez, landareei eusteko erabilitako sokak ez badira hazkuntzetako hondakinetatik kentzen, konpostatze-prozesura igarotzen dira.
Manipulatzaileentzako arrisku fisikoak ez ezik, hondakin horiek beste kutsatzaile batzuk sar ditzakete, hala nola mikroplastiko eta gehigarri plastikoak. Mikroplastikoetatik eratorritako elikagaien segurtasunerako arriskuak guztiz identifikatu ez diren aurren, gehigarri plastikoen igoerak elikagai-hazkuntzek plastiko horiek xurgatzeko aukera areagotu lezakete.