Finlandia eta Suediako Elikagaien Segurtasuneko Agentziek azterlan bat egin ditu EFSArako elikagaietan dauden arrisku kimiko eta mikrobiologikoen arriskuen sailkapena egiteko gaitasuna hobetzeko asmoz.

Azterlanak hiru fase izan zituen:

1. Arrisku kimiko eta mikrobiologikoen ebaluazioa

Fase honetan arrisku kimikoak eta mikrobiologikoak konparatu ziren, eta bi arrisku moten ebaluazioaren ikuspegi orokorra egin zen.  Baterako esparrua sortzeko, sailkapena egitean antzeko arrisku-metrikak erabili behar zirela eta sailkapena antzeko kontzeptuetan oinarritu behar zela erabaki zen.

2. Arriskuak sailkatzeko metodoen garapena

Bigarren fase honetan arriskuak sailkatzeko metodoak garatu eta ezarri ziren, eta arrisku kimikoei gehiago begiratu zitzaien, giza osasunarentzako ondorioei buruz azterlan gehiago dagoelako. “Arriskuaren termometroa” lortzea zen xedea, arrisku kimikoen ebaluazioen esparruan larritasun-irizpideak sistematikoki sartzeko.  Batez ere 2 metodo garatu ziren:

  1. Arrisku kimikoak sailkatzeko metodoa, ondorio toxikologikoei buruzko azkeneko datuetara egokituta.
  2. Esposizio-eredua, arrisku kimikoei nahiz biologikoei aplikagarria.

3. Arriskuen sailkapeneko nazioarteko lantegi bat antolatzea

Amaitzeko, lantegi bat antolatu zen elikagaien segurtasuneko agentzientzat, 170 partaide jaso ziren eta horietako bat ELIKA izan zen; arriskuak ebaluatzeko erakundeak ziren gehienak, baina arriskuen kudeaketa eta komunikaziokoak ere baziren. Jarraian daude zehaztuta lantegiko ondorio nagusiak:

  • Arriskuen sailkapenak balio erantsia ematen die arriskuen kudeaketari eta komunikazioari. Arriskuen sailkapena arriskuak ebaluatzeko printzipioetan oinarritu beharko litzatekeen arren, kontuan izan behar lirateke horien kudeaketaren zerikusia duten alderdiak.
  • Arriskuen sailkapenean erabilitako metrikan sartzeko faktore garrantzitsuak dira eragin batek osasunean erasateko aukera eta eraginaren larritasuna.
  • Partaide askoren iritziz erabilgarria da osasun-kargaren araberako kategorizazioa (DALY) erabiltzea, baina ez zen metrika egokienari buruzko adostasunik egon.
  • Arrisku kimiko eta mikrobiologikoentzako batera esparru baten beharra. Daturik oro har ez dagoenez, garrantzitsua da eskura dagoen informazioaren erabilera eraginkorra egitea, metodoak eta ebidentzia-multzoak bateragarri izaten saiatuz.

Azterlanaren gomendioak

Azterlanaren ondorio nagusietako bat da, arriskuen sailkapena garatzen jarraitu beharra dagoela, arriskuen azterketa-prozesuei laguntzen jarraitzeko.

Hori dela eta, honako jarduera hauek gomendatu ziren:

  • Arriskuen sailkapenaren arloan ekimenak garatzea, arrisku kimiko eta mikrobiologikoetan baterako metrikak ebazteko.
  • Arriskuen sailkapenean mailakatutako ikuspegiak aztertu eta ebaluatzea.
  • Arrisku kimikoak eta mikrobiologikoak sailkatzeko kontzeptuak eta metodoak bateratzea. Arriskuak sailkatzeko tresna multzo bat (toolbox) egiteko abiapuntutzat erabil daitezke ahalegin eta ekimen horiek.
  • Arriskuen sailkapenerako gida orokor bat garatzea, mozkinaren aurretik arriskuen ebaluazioa jartzen duen gidarekin lerrokatuta.
  • Datuak eta ereduak trukatu eta eskuratzeko ekimenei babes handiagoa ematea.