Elikagaietako eta ureko nitrito eta nitratoei lotutako arriskuak
ANSESek ebaluazio bat egin du nitrato eta nitritoen ingestioari lotutako arriskuei buruz, eta honako alderdi hauek ebaluatu ditu:
1. Elikagaietako nitrito/nitrato mailen murrizketak arrisku
mikrobiologikoetan duen eragina
Ebaluazio horretan hiru elikagai-patogenoen binomio garrantzitsuenak aztertu ziren:
- Urdaiazpiko egosia/Listeria
- Saltxitxoi ondua/Salmonella
- Urdaiazpiko ondua/ C. botulinum
Nahiz eta gehigarrien maila murrizteak nabarmen areagotu lezakeen produktu horien kontsumoari lotutako arrisku mikrobiologikoa, ANSESek uste dut murriztu daitekeela nitrato eta nitritoen kopurua, baldin eta neurri konpentsatzaileak aplikatzen badira arrisku mikrobiologiko horiek kontrolatzeko.
2. Elikagaietako eta ureko nitrato eta nitritoekiko esposizio globalaren ebaluazioa
Nitratoei dagokienez, elikagaien bidezko esposizioaren % 65 landare-produktuen kontsumoari dago lotuta, bereziki hostodun barazkien kontsumoari; % 25 edateko urari, eta % 4 baino gutxiago nitratoak gehigarri gisa dituzten elikagaiei.
Nitritoei dagokienez, heldu eta haurren esposizioaren erdia baino gehiago haragi-produktu prozesatuen kontsumoaren ondorio da; izan ere, produktu horiek ekoizteko nitritoen gehigarriak erabiltzen dira.
Aintzat hartuta esposizio-iturri guztiak, Agentziak adierazi du biztanleen ia % 99k ez duela gainditzen EIOa; baina, MOE (esposizio-tartea) ikuspegia aplikatuz gero, haurren % 3k gainditu lezake. Hortaz, ondorioztatzen du elikagaietan konposatu horiek nahita gehitzea mugatuz gero, herritarren esposizio orokorra murrizteko elikadura-segurtasunaren helburuetako bat beteko litzatekeela.
3. Haragi-produktuak kontsumitzeari lotutako minbizi-arriskuaren karakterizazioa
EFSAk (2017) eta IARCk (2018) egindako azterketen osteko zenbait azterlan zientifikok agerian uzten dute lotura dagoela kolon eta ondesteko minbizia izateko arriskuaren eta nitrato eta nitritoekiko esposizioaren artean. Esposizioa edateko uraren edo haragi prozesatuen ingestioagatik gerta daiteke. Nolanahi ere, ANSESen ustez ikertzen jarraitu behar da lotura hori egiaztatzeko.
4. Nitrato/nitritoekiko esposizioa murrizteko gomendioak
ANSESek zenbait neurri kolektibo eta indibidual proposatzen ditu biztanleen nitrito eta nitratoekiko esposizioa murrizteko:
Neurri kolektiboak
- Giza kontsumorako den uraren kalitatea kontrolatzea.
- Zenbait jardunbide etengabe optimizatzea, hala nola ongarriak eta animalien simaurra aplikatzearekin lotutako nekazaritza jardunbideak; horiek lagundu egiten dute ur gordinean eta edateko uran nitrato-kontzentrazioak murrizten, bai eta landare-produktuetako nitrato mailak murrizten ere.
- Nitritoen erabilera murriztea haragi-produktu prozesatuetan, eta, aldi berean, neurri konpentsatzaile zorrotzak aplikatzea arrisku mikrobiologikoari aurre egiteko..
Neurri indibidualak
- Haragi prozesatuaren kontsumoa murriztea: astean 150 g.
- Fruten eta barazkien kontsumoa dibertsifikatzea.
