Elikagaietako fenol bromatuen eta haien eratorrien arriskua berriz ebaluatzea
EFSAk elikagaietako fenol bromatuen eta haien eratorrien arriskuen ebaluazioa eguneratu du (EFSA, 2012), eta ondorioztatu du tribromofenola ez dela arriskutsua osasun publikorako; gainerakoak ezin izan dira ebaluatu ez baitzegoen nahikoa daturik.
Zer dira?
Fenol bromatuak 1920ko hamarkadaz geroztik erabiltzen dira sugar-atzeratzaile gisa eta pigmentuak, herbizidak, germizidak eta agente antifungikoak sintetizatzeko. Ez daude polimeroei kimikoki lotuta; hortaz, ingurumenera iragaz daitezke. Oro har, kimikoki egonkorrak eta biometagarriak dira; ondorioz, ingurunera iristen dira erabileraren bidez edo horiek sortzen dituzten hondakinen ondorioz, airearen, uraren eta lurzoruaren bitartez.
Europar Batasunean debekatuta edo mugatuta dago sugar-atzeratzaile bromatuak (BFR) erabiltzea, fenol bromatuak erabiltzea ez bezala.
Ebaluazio honek bost bromofenol eta eratorri bat ditu ardatz:
- 2,4,6-tribromofenola (2,4,6-TBP)
- 2,4-dibromofenola (2,4-DBP)
- 4-bromofenola (4-BP)
- 2,6-dibromofenola (2,6-DBP)
- S tetrabromobisfenola (TBBPS)
- S bimetil eter tetrabromobisfenola (TBBPS-BME)
Toxikotasuna
2,4,6-TBPek in vivo duen genotoxikotasuna inprobabletzat jo da.
Hala ere, gibelean eta giltzurrunetan dituen efektuak kritikotzat jotzen dira.
Esposizioaren ebaluazioa
Elikagaietako 2,4,6-TBParen 78.200 emaitza analitiko erabili ziren Europako biztanleen dietaren bidezko esposizioa zenbatesteko.
Honako erreferentzia-puntu hau identifikatu zen arriskua karakterizatzeko: 353 mg/gorputz‑pisuaren kg-ko BMDL10, eta esposizio-tartearen (MOE) ikuspegia aplikatu zen giza osasunean gerta daitezkeen arazoak ebaluatzeko.
Ondorioa
Aintzat hartuta ondoriozko MOE balioak eta arriskuaren eta esposizioaren ebaluazioa eragiten dioten zalantzak, EFSAk ondorioztatu du, gutxienez % 95eko probabilitatearekin, gaur egun 2,4,6-TBParekiko elikagaien bidezko esposizioak ez duela arazorik eragiten giza osasunean.
Nolanahi ere, haren presentziari buruzko daturik ez dagoenez, ezin izan zen ebaluatu ama‑esneaz edo esne artifizialaz elikatutako bularreko haurrentzako arriskua, eta ezin izan zen karakterizatu ebaluazioko gainerako fenol bromatuen eta eratorrien arriskua, ez baitzegoen daturik ez haien toxikotasunari, ez presentziari buruz.
Gomendioak
EFSAK honako gomendio hauek eman ditu elikagaietako 2,4,6-TBParen arriskuaren ebaluazioan zalantza murrizteko eta gainerako fenol bromatuen arriskuen ebaluazioa egiteko:
- Giza esnean eta bularreko haurrentzako elikagaietan haien presentziaren jarraipena egitea metodo analitiko egokien bidez, bularreko haurren esposizioaren ebaluazioa egin ahal izateko.
- Pertsonen artean datu toxikozinetikoak, luzetarako azterketa epidemiologikoak, ugalketari/garapenari, neurogarapenari eta immunotoxikotasunari buruzko azterketak lortzea.